Jon Mirande, modernoa bezain polemikoa

Bidane Beloki Ezker 2025ko mar. 28a, 10:19

Aurten 100 urte beteko dira Jon Mirande idazlea jaio zenetik eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak eta Karrikirik, elkarlanean, ‘Jon Miranderekin dantzan’ zikloa antolatu dute urtemugaren kontura. Hizkuntza Eskolako zuzendariorde Santi Leonek argitu ditu idazlearen argi-ilunak eta zikloaren xehetasunak eman ditu Metropoli Foralean.

Ehun urte beteko dira aurten Jon Mirande euskal idazlea jaio zenetik. 1925an jaio zen Parisen eta Parisen hil zen 1972an, 50 urte bete gabe. Eta gazte hil bazen ere, denbora izan zuen ibilbide sendo baterako. Mugarri polemikoa da nolanahi ere, baina Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak eta Karrikirik ‘Jon Miranderekin dantzan’ zikloa antolatzea erabaki dute, “Mirande irakurtzeko gonbidapen gisa”.

Jon Miranderi buruzko erakusketa astelehenean zabalduko dute eta maiatzaren 9ra arte izango da zabalik. 12 panel jarri dituzte eta bakoitzean Miranderen alor bat jorratu dute. Biografia, poeta ibilbidea edota haren ideiak jaso dituzte. 

Gaztetan ikasi zuen euskara eta 50eko hamarkadan hasi zen idazten. Euskarazko literatura gainerako literaturen pare jartzeko beharra argi zuen Mirandek eta hori da egin beharreko aitortza. Baina, jorratutakoek eta defendatutako ideiek eraman dute Miranderen figura ezbaian jartzera. Leonek Miranderen gutunak irakurtzea gomendatzen du idazlearen pentsamenduan murgiltzeko.

Erakusketaz gain, Jon Mirande nor zen ezagutzeko solasaldia, bere poemen errezitaldia eta mahai-ingurua antolatu dituzte apirilean zehar.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!