Iruñeko Gizarte Zerbitzuetako langileek lanean jasandako "presioak eta erasoak" salatu zituzten urtarrilaren bukaeran eta 2024an lan arriskuen prebentziorako 28 espediente ireki dituztela jakinarazi zuten. “Izozmendiaren punta baino ez da", ohartarazi zuten.
Hala adierazi zuen gizarte langileak agerraldi publiko batean. Bertan, 152 gizarte langilek sinatutako adierazpen bat irakurri zuten. Gaineratu zutenez, etxegabeentzako aterpeetan "20 presio-egoera baino gehiago izan dira baliabidea erabiltzeko helburuarekin. Hainbat erakundek gure lana zalantzan jartzen ari dira eta presioa egiten dute baliabide desberdinak eskuratzeko, araudia errespetatu gabe".
Azpimarratu zutenez, "ezin ditugu onartu baliabide batean edo bestean sartzeko errespetu faltak, mehatxuak eta presioak", izan ere, hainbat teknikarik "presiopean lan egin behar izan dute aurrez aurreko arretan, esku hartzen ahalegintzen direlako telefono deien, posta elektronikoen eta zuzeneko ekintzen bidez". Era berean, langileen inpartzialtasuna zalantzan jartzen zela salatu zuten, “eta horrek mesfidantza eta desberdintasuna sortzen dute”.
Neurriak hartzeko eta baliabideak jartzeko eskatu zioten Iruñeko Udalari. Alderdi politikoei adostasuna eskatu zieten eta "inplikatutako eragile guztiei errespetua eta lankidetza".
Irrintzi Plazan Blanca Izkue, gizarte zerbitzuetako langilearekin hitz egin dugu egoera zail honen inguruan.