Mikel Urabaien (Paris 365): “Erakundeek erantzukizuna aldamenekoari pasatzen diote”

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 3a, 18:53

Paris 365 jantokiak ez ditu martxora arte aurrez aurreko afariak emango eta erakundeei inplikazioa eskatu die konponbidea lortzeko

Joan den astean Paris 365 jantokiko arduradunek gaueko zerbitzua emateari utziko ziotela iragarri zuten. Gero eta erabiltzaile gehiago pilatzen dira iluntzean jantokiko atean eta arazoak ere eman dira. Geldialdi bat egiteko beharra adierazi du Paris 365 fundazioak eta bitartean hausnarketa prozesu bati emango dio hasiera.

Eguerdiko zerbitzura hurbiltzen direnei tuperretan banatuko zaie afaria. Erabiltzaileen kopuruak nabarmen egin du gora azkenaldi honetan eta hurbiltzen direnen egoerak ere okerrera egin duela adierazi du Mikel Urabaien komunikazio arduradunak. San Lorenzo eta inguruko kaleetako bizilagunen eta fundazioaren arduradunen kezkak areagotu dira.

Iruñeko Udalari, Nafarroako Gobernuari eta baita Estatuko gobernuari neurriak hartzea eta baliabideak eskatu dizkiete, besteak beste errolda tramiteak arintzea, paperak eskuratzeko epeak murriztea edota egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntza gehiago bideratzea. Neurriak hartu ezean, epe laburrean egoerak okerrera egingo duela ohartarazi du Paris 365ek.

Beste kezka nagusietako bat inoren kargura ez dauden adingabeen arazo larria da harrera-zentroetatik atera eta sei hilabete betetzean paperik, lanik edo bizirauteko beste baliabide ekonomikorik ez dute eta kalean aurkitzen dira.

Aldi baterako jantokiaren itxiera 4-6 astez luzatuko dela iragarri dute. Gosari- eta bazkari-txandak berriz, mantenduko dira. Etapa hori gaindituta, zerbitzu normalizatua eskainiko da berriro. Hausnarketa prozesua abiatuko dutela ere iragarri dute, bai erakundeekin baita bizilagunekin ere, aurrerantzean zerbitzua eman ahal izateko irtenbide bila.

Irrintzi Plazan Mikel Urabaien Paris 365 fundazioko komunikazio arduradunarekin hitz egin dugu egoera zail honen inguruan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!