Xabier Irujo: “Egunero 12.000 pertsona erail zituen Holokaustoak azkeneko hiru urteetan”

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 23a, 18:25

Denetara 40 milioi preso egon ziren, horietatik 17 milioi erail zituzten. Kontutan hartuta 1942an atxilotuen %85 oraindik ere bizirik zegoela, azkeneko hiru urtetan eguneko 12.000 pertsona hil zituztela kalkulatzen da.

44.000 kontzentrazio-esparru, 40 milioi preso eta 17 milioi hildako. Holokaustoak utzi dizkigun datuak izutzeko modukoak dira. Eta are izugarriagoa da haren atzetik zegoen logistika. Xabier Irujo idazle eta irakaslea duela 20 urte ekin zion Alemaniako nazien sarraskiaren inguruan ikertzen. Artxiboak arakatu ditu eta bizirik ateratako biktimen testigantzak jaso ditu urte guzti hauetan. Bildutako datu guztiekin liburua osatu du Irujok: La mecánica del exterminio. La industrialización de los campos de concentración nazis. Aurten 80 urte betetzen dira azkeneko kontzentrazio-esparruak askatu zirenetik.

Asko idatzi eta ikertu da holokaustoaren inguruan, baina liburuan Xabier Irujo saiatu da orain arte orokortu diren datu batzuk argitzen. Esaterako, nazi garaian trenek izan zuten paperaz ikertu du idazleak. Presoak kontzentrazio-esparru batetik bestera garraiatzea baino, erailtzeko erabiltzen ziren. Biluzik sartzen zituzten trenean, abereentzat pentsatutako bagoietan, eta janaririk gabe uzten zituzten denbora horretan.

Bereziki larria holokaustoaren azkeneko hiru urteetan naziek eraildako pertsona kopurua. 1942. urteko apirilean, presoen %85a bizirik zegoen. Honek esan nahi du denbora tarte horretan egunero 12.000 pertsona hil zituztela. Horietatik askok tiroa jaso zuten. Borreroen paperaz ere idatzi du Xabier Irujok. Boluntario aurkezten ziren eta kasu gehienetan mozkortzen ziren presoak tirokatu aurretik.

Xabier Irujok gogora ekarri du Israelek palestinarren kontrako genozidioa. “Harrigarria da hainbesteko errepresioa jasan duen herri batek orain sarraskia eragitea. Biolentziak biolentzia gehiago dakar. Oso zaila izango da epe motzean konponbidea aurkitzea. Hala ere ni positiboa naiz, eta Palestina aske ikusiko dugula pentsatzen dut”, adierazi digu Irujok.

Irrintzi Plazan Xabier Irujo gonbidatu dugu Holokaustoaren inguruan hitz egitera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!