Joseba Asiron: “Haur eskoletan euskarazko eskaria eta eskaintza parekatzeko negoziazio bidean gaude PSNrekin”

Pello Argiñarena 2024ko abe. 27a, 13:54

"Erorien Monumentuaz sozialistekin akordioa lortu izan ez balitz, eraikinak bere horretan jarraituko luke aurrerantzean ere eta hori zen guk onartzen ez genuen aukera bakarra”. Hala dio Joseba Asironek.

Zentsura mozioa gauzatu eta Joseba Asiron alkatetzara iritsi zenetik urte bat beteko da abenduaren 28an. Bigarren aukera moduan hartu du, beste lasaitasun batekin bizi duela aitortu du, “hori bai, ilusioa mantenduz”. Bigarren etapa hau lasaiago hartu duela aitortu dio Euskalerria Irratiari,  “2015ean hutsetik abiatu ginen, zailtasun handiak izan genituen edozein pauso emateko baina gauzak egiteko beste modu bat egon bazegoela erakutsi genuen”.

Lehen urteko balantzea

Bigarren legegintzaldi honetako oinarriak 2015eko lehenengo etapan jarri zirela adierazi du Asironek. PSNrekin duten akordioa sendoa dela nabarmendu du eta sozialistak noizbait udal taldera sartuko ote diren galdetuta, “egunero gurekin lanean dauden zinegotziak gustura sartuko liratekeela uste dut, jakin badakitelako eguneroko funtzionamendua zein den. Ziur naiz, iritsiko dela une bat non Iruñeko gehiengo aurrerakoiak isla izango duen udal gobernuan ere”.

UPNk berriz, dolua ez duela egin iritzi dio Asironek. “Nik alkatetza galdu nuen 2019an, badakit zer den hori, baina inork ez ninduen ikusi hedabideetatik irainka ezta negarrez ere. Politikak batzuetan goian eta beste batzuetan behean jartzen zaitu. Profesionaltasunez hartu behar da”, azaldu du.

Iruñea geldirik aurkitu zutela adierazi du Iruñeko alkateak eta azkeneko hilabete hauetan martxan jarri dutela nabarmendu nahi izan du. “Duela urtebete proiekturik ez zegoen eta orain gauzak mugitzen ari dira. Ez guk nahiko genukeen erritmoan, hori ere argi dugu. Etxebizitza plan bat dugu, Erripagañan edota Sanduzelain dauden arazoei irtenbide bila gabiltza, Sarasate birmoldatzeko proiektua aurkeztu berri dugu eta bi aurrekontu adostu eta onartzeko gai izan gara”.

Euskararen ordenantza eta haur eskolen eskaintza

2020an UPNk eta PSNk adostutako euskararen ordenantza aldatzea zaila ikusten du Joseba Asironek. “Ez dago udalean gehiengorik ordenantza berri bat adosteko. Egungoa, PSNren ordenantza da. Hori jakinik, beste bide batzuk jorratu beharko ditugu. Hizkuntza normalizaziorako plan bat adosten saiatuko gara”.

Gaur egun Iruñean dauden hemeretzi haur eskoletatik bakarra da euskaraz eta beste hiru elebidunak dira. Hiriburuko gurasoak eta euskalgintzako hainbat elkartek mobilizazioak egin dituzte azkeneko asteetan urrats ausartak eskatuz. Asironen aburuz, “euskarazko eskaria eta eskaintza parekatzea lortuko bagenu, aurrerapauso handia litzateke. Horretarako, eskaintza %33koa izan beharko da euskaraz. PSNrekin negoziazioetan gaude, haien jarrera malguagoa da duela lau urtekoarekin alderatuta”.

Erorien Monumentua

Erorien Monumentua adieraberritzearen inguruan EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen arteko akordioa “historikoa” dela defendatu du Iruñeko alkateak. “Eraikina eraisteko hiru pauso eman behar dira: alderdien arteko akordio politikoa, Parlamentuko indar aurrerakoien artekoa monumentuaren katalogazioa kendu ahal izateko eta ondoren Iruñeko Udalean proiektua adostea. PSNk duen jarrera ikusita, eraistearen aukera gaur egun ez da posible”.

Asironek gogoratu du 2015eko legegintzaldian gertatu zirela lehenengo mugimenduak Erorien Monumentuaren inguruan eta orain, berriro udalean daudela, emango direla hurrengo pausoak. “Kontutan hartu behar da finantzaziorik ez dagoela, alderdien gehiengoak ez duela eraitsi nahi eta eraikina babesturik dagoela. Bi aukera daude: PSNrekin akordioa lotu edo deus ez egin. Eta deus ez egitea da guk onartzen ez genuen aukera bakarra”.

Bestelako proiektuak

Martxan jarri dituzten bestelako proiektuen inguruan galdetuta, Sarasate Pasealekuaren birmoldaketa nabarmendu du Joseba Asironek. “Legegintzaldiko proiektu izarra izango da. Pasealeku bateratua, guztiz irisgarria, hesirik gabekoa, Alde Zaharraren luzapen naturala izango dena, oraingo zuhaitzak mantenduz eta gainera Oteiza eta Sarasateren omenezko eskulturak jarriko dira. Zoragarria izango da”.

Sanduzelai eta Erripagañan urte erabakigarria izango dela ere aurreratu du. Lehenengoaren kasuan,  bizilagunen iritziak biltzen ari dira, trafikoa lur azpitik bideratzeko hiru proiektuen inguruan eta bigarren kasuan ere, azpiegitura berriak martxan jartzeko unea delako. Belosoko obrak martxoan bukatuko direla aurreikusten du Joseba Asironek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!