Duela oso gutxi, ustekabeko berria ikusi dugu hedabideetan: Lantzeko meategietan 2000 urte dituzten inskripzio batzuk aurkitu dituzte arkeologoek. Dirudienez, haietan euskera aurreko hizkuntzan “igae” hitza irakur daiteke.
Bestalde, azaroan beteko dira bi urte Irulegiko eskua agertu zenetik. Bertan ere gaur ezagutzen dugun euskera baino hizkuntza zaharrago batean idatzitako “Zorioneku” hitza agertzen da.
Eta beti hor gure hizkuntza, haren jatorria, haren antzinako erabilera, etabar. Gauza polita da ikustea sortzen duen interesa, eta gaur egun jende asko haren alde dagoela ohartzea, nola ez bada. Baina beti ez da gauza berbera gertatu. Beste garai batzuetan gure hizkuntza ez zegoen batere ondo ikusita, eta, horregatik, orduan bizi zen jendea eta euskeraren alde lan egin zuena miresgarria da, baita aipagarria ere.
Horietako bat gure gaurko gizalaba da: Xole Erbiti Arbilla, hain zuzen. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan egin zuen lan 35 urtez, eta Nafarroako lehen Euskera Teknikaria izan zen.
1942an Ultzamako Ilarregi herriako familia euskaldun batean jaio zen. Ama langile amorratua zuen, eta aita tratuan ibiltzen zen beti, feria batetik bestera. Etxalde aberatsa zen haiena, baina denek gogor egiten zuten lan: aita eta amak, bi izebak, eta hiru alabak.
11 urte bete arte, han bizi izan zen. Garai hartan, kalekoak eta baserritarrak nahasita joaten ziren herriko eskolara, baina baserrietakoak neguan bakarrik jaisten ziren herriraino, udan beti baitzegoen lana etxean. Eskolara joaten zirenean xakoti batean eramaten zuten eguerdiko bazkaria, eta Xoleren etxea eskola parean egonda, han berotzen zuten hura. Hotz handia egiten zuenean ere, Xoleren etxea jolas toki bilakatzen zen denentzat. Euskaldunak ziren guztiak eta euskaraz aritzen ziren. Hori zen Xoleren egunerokoa.
11 urteerekin Iruñera joan zen monjetetara, ikastera, eta, gero, irakasle-ikasketak egin zituen Zaragozan. Hizkuntzarekiko harremana, orduan, aldatu zen. Berehala ohartu zen gutxienetako hizkuntzak bereziki zaindu behar direla, bestela beste handi baten menpean desager baitaiteke.
19 urte zituela, Lehen Hezkuntzako Maistra titulua eskuratu zuen. Urte hartan bertan hasi zen Berueteko eskolan lanean, irakasle. Baina hurrengo urtean Ogasun departamenturako oposizioak prestatu zituen, eta plaza atera zuen Kanarietan! Uf, urrunegi. Uko egin zion lanpostuari.
Irakasle izatera bueltatu zen berriro, eta hiru urte geroago Iruñeko Gaztelu Plazan zegoen Banco de Vizcayan sartu zen. Han eman zituen bederatzi urte.
30 urte zituela, Gobernura sartu zen, Hezkuntza Zerbitzuan sortu berria zen Euskara departamentura, Nafarroako Gobernuak eskaini zuen euskara teknikariaren lehendabiziko plazara.
Xoleren lehen lana irakasleentzako ikastaroak antolatzea izan zen. Sortzen ari ziren ikastolek eta eskola publikoetan euskaraz ordu batzuk emateko hizkuntza ondo menperatzen zuten irakasleak behar ziren, eta premiazkoa zen maila hori irakatsi behar zen.
Euskal Herri osoko 63 lagunek eman zuten izena ikasle gisa. Parte hartu zuten irakasleen artean ziren Joxemiel Barandiaran. Aditza landu zuten batez ere. Euskaltzaindiak hartutako irizpideak, alegia. Garai hartako kronikek diote horixe izan zela ikasleei gehien kostatu zitzaiena. Baina jendea kontent geratu zen. Handik, aurrera urtero egin zen ikastaroa.
Nafarroako Gobernuan igaro zituen 35 urteen zehar, garai berriek behartzen zituzten egoeretara egokitu behar izan zuen, euskera bulltzatzen zuen bitartean.
Xole Erbiti herrietako ikastetxeendako irakasleen kontratazioaz arduratu zen. Sortzen ari ziren ikastolekin hitzarmenak lotzea izan zen sail berriaren beste arduretako bat, baita Irakasle eskolan Euskara katedra sortzea ere.
Lesakako, Etxalarko eta Otsagabiko ikastolak sortzen lagundu zuen, besteak beste, eta Nafarroa osoko maisu-maistrak ezagutzen zituen. Baita orduko egoera guztiak ere.
Irakasleak faltan beti. Beti irakasle bila. Euskaraz Iruñeko kaleetan norbait entzun orduko, irakasle izan nahi zuen galdetzen zion.
Euskara zerbitzuko ordezkari gisa aritu zen hainbat ekitalditan, eta Bizkaiko Euskerazaleak elkarteak sustatutako Kili Kili haurrentzako lehiaketa antolatu zuen Nafarroan zehar.
Ipuin, olerki edo antzerki sariketek edo haur kantu txapelketek behar zuten babes instituzionala kudeatzen ibili zen 2006. urtera arte. Tarte horretan, hizkuntza gutxituei buruzko hainbat mintegitan aritu zen.
Eusko-Ikaskuntzako bazkide eta Bizkaiko Euskerazaleak elkarteko kidea izan zen. Nafar egunkari eta aldizkarietan ere idazten zuen: Vianako Printzea Erakundaren euskal gehigarrian eta Diario de Navarran (Nafar hizkuntza orrian). Herriko kontuak izaten zituen hizpide, pertsonaia ezagunak eta ez hain ezagunak, ohiturak eta mendiak, baita kirolak ere.
2006an, sustapeneko bulegoburu izendatu zuten, baina 2007an baja hartu behar izan zuen, gaixotasun degeneratiboa antzeman baitzioten, bizkarrezurretakoa.
Gaixotasunak gurpildun aulkian ibiltzera behartu zuen, eta 2009ko azaroaren 29an hil zen. 67 urte zituen.