Emaize Sexologia Zentroak arreta egiten die sexualitateei eta sexuei eta horien arteko zein haien arteko erlazioei. Ane Ortiz Emaizeko kideak sareetako harreman sexu-afektiboak lantzen ditu. Azaldu bezala, “azken finean gure harremanen parte handi bat ere plano digitalean ematen ari da”. Bertatik identifikatu zuten sareetan ematen diren harreman sexu-afektiboak lantzeko beharra. “Teknologia bai, baina nola harremantzen garen espazio horretan ere”, gehitu du.
Gainera, gazteek egiten duten erabilerara “oso garrantzitsua da ez hurbiltzea haiengana aurrejuzguekin". Izan ere, askotan helduen jarrerak ez duela laguntzen adierazi du. Umorearen tresna erabiltzen du Emaizeko kideak horretarako “debekuan oinarritu gabe”. Itsasora gerturatzen ditu nerabeak Ortizek: “Itsasoa bezala dira sareak, arriskuak daude baina baita aukera asko ere”.
Adibide praktikoak erabiltzen dituzte azalpenak emateko eta jarduera parte hartzaileak ere egiten dituzte. “Batzuetan oilo ipurdia jartzen zait filtrorik gabe esaten dituztenekin”, errealitatean iruzkinek dituzten ondorioak ere agerian uzten dituzten saioetan.
Teknologian trebatzen
Xabier Leonardo ProtoMakers elkarteko kidea da. Duela zortzi urte sortu zuten gazteek XXI. mendeko teknologia gailuak ezagutu eta trebatzeko. “Horretarako tailerrak egiten ditugu eta ondoren, barne proiektuak finantzatzen ditugu”, azaldu du Leonardok.
Egunotan Baluarten errealitate birtuala, 3D inprimagailuak eta robotika lantzen dute. “Ordu bakar batean gazteek ikusten dute zerotik pieza bat sortu dezaketela 3D inprimagailu batekin”, eta horrek asko pozten du Leonardo. Hala ere, Leonardok nabarmendu du sare motak ere bereizi behar direla: “Askotan debekuak min egiten dio teknologiari, ezberdindu behar dugu nola erabiltzen den teknologia eta zer den teknologia”.