Sarean Euskaraz

Jabi Arakama: “Euskal Herrian jardunaldi erreferenteak bilakatu dira”

Euskalerria Irratia 2024ko urr. 15a, 12:44

Zazpigarren urtea da Euskarabideak Sarean Euskaraz jardunaldiak antolatzen dituela. Urriak 14 eta 15, Iruñeko Baluarte jauregian antolatu dituzte Euskarazko kultura digitalaren inguruko topaketak eta 900 ikaslek parte hartuko dute, baita hainbat adituk ere. Jabi Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak xehetasunak azaldu ditu.

“Zerbaitengatik errepikatzen da urtero”, azaldu du Arakamak. Eta parte hartzaileen balorazio positiboa da horretarako gako. Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak nabarmendu du lan handia dela, baina “dudarik gabe merezi duen lana da”, eta “oso pozik” daude emaitzarekin.

Euskarabideko hainbat arlo estrategikori erantzuten diete Sarean Euskaraz jardunaldiek Arakamak azaldu bezala: “Euskarari zalantzarik gabe, lurraldetasunari, gazteriari, digitalizazioari eta teknologia berriei”.

Gainera, “Euskal Herria mailan jardunaldi erreferenteak bilakatu dira” eta bide horretatik Euskarabidearen erronka da “zabaltzen jarraitzea eta eskualde gehiagotara iristea”. Egunotan Baluarteko aretoak bete dituzte eta haatik toki gehiagotara iristea nahiko lukete.

Erantzun onaz harago, inguratzen gaituen mundura egokitzeak bultzatu zuen jardunaldien beharra. “Azken urteotan azkartu da beti bizi izan dugun egoera bat, argi dago erronka berriak etengabe sortuko direla eta oso adi egon behar gara joera berriei”, adierazi du Arakamak. “Gazteen nahiak eta beharrak identifikatzea eta interesgarria zaien euskarazko kalitatezko produktu eta erreferenteak eskaintzea” da jardunaldien muina.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!