Oskar Alegria zinemagileak Zinzindurrunkarratz filmean jada erakutsi zuen astoarekiko duen adeitasuna eta miresmena. Animaliaren gelditasunaren eta munduan egoteko duen modu horren inguruan arituko da asteazkenean 21:00etan Iruñeko Ziudadelan, Iruñeko Topaketen eskutik emanen duen hitzaldi performatiboan, non hitza, musika eta irudia eskutik joanen diren.
Zinemagileak argitu moduan, 2023an argitaratu zuen film hartatik kanpo gelditu ziren irudietako batzuk erakutsiko ditu hitzaldian, baita duela 20 urte grabatutako beste batzuk ere, Frantzia erdialdean asto batekin egin zuen bidaia batekoak: "Hitzaldi ilustratua izango da".
Helburua, astoak duen gelditasun horretatik jaso dituen irakaspenen inguruan hausnartzea izanen da: "Iraultzaile puntu bat badu astoak munduan egoteko duen moduak, bizi garen modua ikusita, zenbat galtzen ari garen ikusita".
Iruñeko Topaketak, Nafarroako Gobernuak sustatu eta Baluarte fundazioak antolatutako kultura, arte eta pentsamenduaren nazioarteko bienala, igandera arte luzatuko da hainbat hitzaldi, emanaldi eta ikuskizunekin.