Maite Ziganda: "SEI elkarteak egiten duen harrera lanak beharrezkoa izaten jarraitzen du gaur egun"

Miren Mindegia Petrirena 2024ko ira. 25a, 18:19

Bere 25 urteurrenaren harira, migrazio prozesuetan dauden pertsonak eta familiak laguntzeko zerbitzuak egun osoko jardunaldia eginen du ostiralean Baluarten

SEI elkarteak, migrazio prozesuan dauden pertsonak eta famliak laguntzea helburu duen zerbitzu bereziak, 25 urte bete ditu aurten. Hartara, egun osoko jardunaldia antolatu du ostiral honetan Baluarten. Elkarteko lehendakari Maite Zigandak azpimarratu bezala, SEI-k eskaintzen duen harrera eta egokitzapen zerbitzuak beharrezkoa izaten jarraitzen du gaur egun, duela mende laurden bezainbeste edo gehiago. 

Elkartea arrazoi zehatz batekin sortu zen, Zigandak gogoratu bezala: "1998an Nafarroan etorkin gehiago iristen hasi ziren. Orduko hartan Gurutze Plazako institutuan orientatzaile lanetan ari zenak iristen ari ziren nerabeei laguntza eskaini behar zitzaiela erabaki zuen, eta horrela sortu zen SEI". 

Mende laurdenean 10.000 pertsona baino gehiago artatu ditu, eta jardunaldiaren helburua egindako bidea eta erdietsitako lorpenak nabarmentzea izango da. Goizeko saioari Nafarroako Gobernuko 3. lehendakari-orde Begoña Alfarok emanen dio irekiera. Ondoren, migrazio prozesuetako hainbat aditu mintzatuko dira, tartean Chicagoko Unibertsitateko Celia Jaes doktore entzutetsua, migrazio prozesua bizi izan duten familia terapian eta familia transnazionaletan aditua.

Arratsaldea SEI elkartearen bidean egon diren pertsonak elkartzeko unea izanen da, Zigandak azpimarratu duenez: "Elkarteko lagun, boluntario, familia eta nerabeak bilduko gara arratsaldean, oso aberasgarria eta hunkigarria izango da".  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!