SANFERMINAK 2024

Iratxe Alvarez: “Beste behin ere ikusten da emakumeoi ez digutela utzi nahi askatasunez jaiez disfrutatzea”

Euskalerria Irratia 2024ko uzt. 7a, 12:32

Mugimendu feministako kide Iratxe Alvarez Sanfermintza saioan izan da, jaietako lehenengo orduen balorazioa egin du eta mobilizaioan parte hartzera dei egin du.

24 ordu baino ez dira pasa sanferminak hasi direnetik eta dagoeneko intentsitate altuko eraso sexuala eta intentsitate baxuko hiru abusu sexista izan direla salatu du mugimendu feministak. “Edozein kasutan gogorra da halakoak izatea, baina batez ere lehenengo egunetik kalean egon behar dugunean”, adierazi du Iratxe Alvarez mugimendu feministako kideak. “Beste behin ere ikusten da emakumeoi ez digutela utzi nahi askatasunez jaiez disfrutatzea”, gehitu du Alvarezek.

Gizonezkoei bide luzea geratzen zaiela adierazi du Alvarezek, “haiek hasi behar dira haien buruari galdetzen ea zer egiten duten halakoak gertatzeko”, gaineratu du.

Mugimendu feministak nabarmendu du prebentzio eta informazio puntuak egotea izan zela lehentasunetako bat protokola lantzeko orduan. “Eraso bat gertatzen denean batzuetan ez dakizu nora jo eta gune hauek horretarako daude”, azaldu du. Gainera, erasoak identifikatzeko prebentzioa ezinbestekoa dela dio Iratxe Alvarezek, “nahiz eta intentsitate baxukoak izan, eraso oro identifikatzeko balio du eta edozein eraso sexista erasotzat hartu behar da”.

Bestalde, administrazioarekin elkarlana ere aipatu du Alvarezek, “oso garrantzitsua da administrazioak ere planto egitea”. Eta, hala protokolo bateratua egin dute sanferminetan eta horixe aplikatu dute lehenengo ordu hauetan. Mobilizazioa deitu dute gaur gertatutako erasoak salatzeko, iluntzeko 21:30ean, Gazteluko plazan. “Zorionez Iruñeak erasoen aurrean erantzuten du” eta peñak, herri mugimendua eta instituzioak ere gaurko elkarretaratzean izanen dira.

Jaia eta borrokarako tartea ere badagoela nabarmendu du Alvarezek. Uztailaren 11n antolatu du mugimendu feministak: Feministok Fest.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!