Kontzertuak, dantzaldiak, kaldereteak, haur sortu berrien ongi-etorria, txupinazoa, erraldoiak, dianak eta konpartsa, ez da ezer faltako ostegun arratsaldean hasi eta igandera arte luzatuko diren Donibane auzoko jaietan. San Juan Xar auzokide elkarteko jai batzordeak antolatu du, urtero bezala, publiko zabalarentzat, auzokideentzat zein bertaratu nahi duen ororentzat prestatutako egitarau zabala, Irati Zuñigak azaldu digun moduan.
Txupinazoa ostiralean 19:00etan izanen da Azuelo plazan, eta aurten bere 75. urteurrena ospatzen ari den Anaitasuna peña izanen da suziria piztuko duena. Baguada inguruetan eginen diren kontzertuak ostegunean, bezperan, hasiko dira, eta ostiral zein larunbatean hainbat emanaldi izanen dira bertan. Besta ez da eremu horretara mugatuko, hala ere: "Jaia auzoko bazter eta kale guztietara eraman nahi izan dugu, eta beste plaza eta tabernetan ere egonen dira kontzertu eta dantzaldiak".
Erraldoien konpartsa ostiral arratsaldean eta larunbat zein igande goizean kalez kale aterako da, egunero ibilbide desberdina eginez. Txikienek, hala, euren tartea izanen dute aurtengo egitarauan: "Sortu berriei ongi-etorria emanen diegu San Juan Xar Txiki egoitzaren kanpo-aldean eginen dugun zapi banaketarekin".