Ekainaren 28an Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izanen da, genero dibertsitatearen eta aniztasun sexualaren aldarria kalera ateratzeko eguna. LGTBIQ+ kolektiboaren borroka sorburu eta ardatz duen egunak, aldiz, "merkantilizazio prozesu" bat bizi izan du azken urteotan, Iruñean egunaren antolakuntzaz arduratzen den E28J plataformako kide Kiran Bhattik eta Jaio Martinez de Irujok nabarmendu bezala. Hortik urrun, Iruñean eginen dena "Harrotasun autonomo eta kritiko bat da", aldarrikapena eta borroka oinarrian dituena.
Helburu hori erdieste aldera, azken urteetan bezala, ia hilabete osoko egitarau zabala prestatu du E28J plataformak: "Hainbat asmorekin egiten dugun egitarau da. Bai saretzeko, bai indartzeko, bai hausnartzeko". Hala, hitzaldiak, aurkezpenak, tailerrak eta kirol jarduera desberdinak barnebildu dira egitarau honetan.
Ekainaren 28rako deitutako manifestazioaren harira, aldarrikapen nagusia Harrotasun kritikoarena izanen da eta leku berezia izanen du ere Palestinako LGTBI mugimenduaren borrokak.