Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Ainara Urkijo izan ziren epaituak 2016an, urriaren hamabostean Altsasuko Koxka tabernan izandako parranda istilu batengatik. 50 urte arteko kartzela zigorrak tartean, zazpi gazte espetxeratuak izan ziren.
Orain, bestelakoa da eszenarioa eta Altsasu Auziaren Memoria Gunea sortu dute: webgune bat eta liburu bat. Altsasu Gurasoen ekimenez abiatu dute proiektua eta Altsasuko Udalarekin eta Labrit Ondarearekin elkarlanean gauzatu dute. Iñakik eta Aratzek, eta berriki Jokinek eta Adurrek, jada bete dute espetxe zigorra. Oihanek hilabete barru beteko du, eta Jon Anderrek eta Julenek, berriz, datorren urtean.
Hala ere, memoria ariketa kolektiboa egiteko une aproposa dela argi du Altsasu Gurasoak plataformako Koldo Arnanzek: "ez zaigu atsegina egiten urte gogorrak izan direlako eta oraindik badirelako, baina egin behar genuen eta zirkuluari itxiera eman". Sufritu duen herria baina aurrera begira dagoena. Txarrenari onena ateratzeko ere baliagarria izan dadila nahi dute, "gertatutakoa ahaztu ez dadin".
Ondarea bizirik
Premia batetik abiatu ziren Altsasuko Gurasoak eta Labrit Ondarearekin bat egin zuten bidean. Denborak perspektiba hartzen laguntzen duen arren, ezinbestekoa izan da unean uneko testigantzak biltzea. Iban Maia Labrit Ondareko kideak azaldu bezala "testigantza bizia" bildu nahi zuten; "kasu honen bueltan protagonisten iritziak", alegia.
442 lekukotza eta ikuspegi bildu dituzte bertan. Auzipetuen, abokatuen, herritarren, gurasoen edota kazetarien hitzak, irudiak eta bideoak jaso dituzte. Eta, Altsasuko herritarren arteko bizikidetza aldatu eta hobetu dela era islatu nahi izan dute sortutako audio, bideo, tesu eta irudien hemerotekan.
Aldarrikapenak ere, bizirik
Ondorioak ateratzeko eta hainbat aldarrikapen egiten jarraitzeko ere balio izan dio Antxon Ramirez de Aldari. Izan ere, amorrua egon arren, memoria ariketa honetan “ez dago gorrotorik", historia kontatu eta erregistratua uztea dela xede argitu du Ramirez de Aldak.
Dena dela, bide honetan, “zoritxarrez" kartzelako errealitatea ezagutu dute eta "estatu honek borondatea baldin badu asko hobetu daiteke presoen bizitza. Haien metodoa mendekua da, eta hori aldatu behar da; borondate politikoa besterik ez da”.
Zauria beharbada ez da itxi oraindik eta ixten zaila izango da. Sisteman gauza asko aldatu behar dira oraindik, baina etorkizunerako aurrerapauso handia izan da memoria gunea.