Ane Alaba (HTX Rock): Gune segurua izan dadin edozein erasoren salaketa irisgarri izatea ezinbestekoa da"

Bidane Beloki Ezker 2023ko abe. 15a, 12:11

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da jaialdia, eta aurten, parez pare arituko dira musikariak oholtzetan. Azpiegituren berrikuntzez gain, Hatortxu Rock gune segurua izan dadin bitartekoak indartu dituzte. 

Prestaketa lanak amaituta, lokatzen artean eta euri iragarpenik gabe, prest daude jada Hatortxuko kideak 28.enez jaialdiari hasiera emateko. Hamazazpi talde igoko dira bihar Hatortxu Rock jaialdiko oholtzara. Urtez urte bezala Hatortxu Rock elkartasunez beteko dute 'Amaiera berri bat' aldarrikatuz.

Iaz egin zuten bezala, aurten ere, arratsaldeko kontzertuak hamaika telebistaren bitartez emitituko dituzte, baita ekitaldia ere, biak ala biak espetxeetara irits daitezen. Aurten ere, aurrez aurreko eszenatoki sistemara itzuliko dira eta berrikuntza ez bada ere, hatortxurockeko gune segurua indartu dute. Erasoen kudeaketarako bitarteko nahikoak dituztela azpimarratu du Ane Alabak.

Iruñerriko taldeen artean jaialdiko oholtzan Skabidean, Burutik, Baizera!, Streetwise eta Ibil Bedi igoko dira. Eta besteak beste, Los Chicos del Maiz, Stay Homas, Dupla eta Etxepe entzuteko aukera ere egongo da. Agur biraren azken-aurreko kontzertua eskainiko du Huntzak eta Liher taldeak “etenaldi luze bat” iragarri du, eta horren aurretik egingo duten birako azken kontzertuetako bat izango da Atarrabiakoa. Alabak iragarri duenez, sorpresa ugari egongo dira biharko egunean zehar eta sarreren online salmenta agortu bada ere, leihatilan bertan azken sarrerak salduko dituzte. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!