“Sektarismo itsua” leporatu diote UPNren udal aginte taldeari EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekinek. Kritikon aitzinean, UPNk dio ez dela gaia politizatu behar; uneotan ez duela dirurik altxortegian; baina datorren urtean Olentzeroren segizioaren diru laguntza handitzeko prest dagoela.
Olentzeroren Lagunen Elkarteak 2014tik dauka izozturik urtero 70.000 lagun inguru elkartzen dituen ekitaldia antolatzeko diru laguntza. Ordutik, 15.000 eurokoa da. Aurten, antolatzaileek bi gauza eskatu zizkioten udalari: diru laguntzara 5.000 euro gehiago bideratzea eta udalak lokalen bat uztea segizioko gauzak gorde ahal izateko, Errege Magoen Kabalkadak egiten duen bezala.
UPNren udal aginte taldeak biei ala biei ezetz erantzun die, altxortegian sosik ez duela eta ez duela lokal librerik. Alderdi erregionalistak hitz eman du datorren urtean laguntza handituko duela. Baina hori ez da aski izan, eta Udalbatzako gehiengoa osatzen duen oposizioak adierazpen bat onartu du, UPNren udal aginte taldeak “sektarismo itsuz” jokatu duela eta Olentzeroren segizioa “abandonaturik” duela salatzeko. Gauzak horrela, aurten Olentzero Udaletxeko balkoira ateratzea udalbatzaren adierazpen hori estaltzeko ahalegin antzua izan dela gaineratu dute.