Une "historikoa" Olentzerorentzat: Iruñeko udaletxeko balkoira igoko da abenduaren 24an

Bidane Beloki Ezker 2023ko aza. 21a, 13:44

2019ko Olentzeroren kalejira.

Ikazkina udaletxera sartzen den lehen aldia da eta goizean haurrak bertatik agurtuko ditu. Bestalde, Ibarrolak Olentzeroren Lagunak elkarteak udal dirulaguntza igotzeko eskaerari ez dio erantzun.

Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak aurten, abenduaren 24an, Olentzero udaletxeko balkoian izanen dela iragarri du; goizean igoko da haurrak agurtzera. "Historikoa" da Ibarrolak berak azaldu duenez, izan ere, orain arte Olentzerori ez zaio tarte hori eskaini eta bigarren mailan izan da ikazkina aurreko legegintzaldiko Gabonetan.

Joseba Asironek Gabon Gaueko desfilean ikazkinari udaletxeko atean harrera egin eta koadrodun zapia jartzeko ohitura barneratu zuen bere agintaldian, baina hurrengo alkateak, Enrique Mayak, tradizioa alboratu eta kalejiraren kontra egin zuen. Olentzeroren Lagunak elkarteak nabarmendu du: "Olentzero udaletxera sartzen den lehen aldia da", eta hori "mugarri historikoa" da. Olentzeroren Lagunen Elkartearekin adostu duen gertaera aurreratu nahi izan du alkateak eta aurrerantzean "sakon" azalduko du Gabonetako egitarau osoa.

Azaldu duenez, "gutxi gorabehera 70.000 pertsonak parte hartzen dute" elkarteak Udalarekin elkarlanean antolatutako kalejiran, "baina Udaleko gobernu-taldeak berak ere elkarteak egiten duen ekimen horri balio handiagoa ematen dion jardueraren bat egin nahi genuen", gaineratu du alkateak. Udaletxera sartu aurretik, Olentzerok "hurbiltzen diren haurrei harrera" egingo die eta arratsaldean kalejira egingo du Iruñean zehar kalez kale.

Hala ere, Ibarrolak ez du adierazpenik egin Olentzeroren Lagunak elkarteak udal diru-laguntza 15.000 eurotik 20.000ra igotzeko egindako eskaerari buruz. Gaur goizean, Herritarren Gaietarako Batzordean eztabaidatuko dute, EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroa alderdiek osatzen duten gehiengo aurrerakoiak eskatuta. Jakina denez, elkarteak lokal bat ere eskatzen du gurdiak eta tresnak gordetzeko.

Bestalde, Iruñeko Udalak abenduaren 18an Sanferminetako Mahaia deituko duela iragarri du, 2023ko jaiak baloratzeko eta 2024koak prestatzen hasteko ekarpenak jasotzeko. Mahai horretako parte-hartzaileak ez ezik eragile zenbait ere gonbidatuko dituela iragarri du Ibarrolak. Hitzordua arratsaldeko 19:00etan izanen da Kondestable Jauregian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!