Azkeneko lau hilabeteotan modernizazio prozesu batean murgilduta egon da Gaiarre Antzokia. Kutxa eszenikoa eta eszenatokiaren elementuak berritu dituzte, oihalak, banbalinak, fokuak, tramoia sistema... Eszenatokitik zintzilikatzen den oro berritu dute. Horri esker, aurrerantzean eta urtarrilaren 31 bitartean 36 ekoizpen taularatuko dituzte; euskarazko zortzi emanaldi baino gehiago haien artean.
Askotariko gaiak eta ikuskizun mota ezberdinak taularatuko dira Gaiarren eta Maialen Marinek azpimarratu duenez, euskarazko ekoizpenak eta ekoizpen nafarrek berezko tartea dute programazioan. Musikaren arloan zein antzerki aurkitu daitezke obra euskaldunak. Eñaut Elorrieta eta Anne Etchegoyen abeslariak izango dira azaroan. Abenduan berriz, umorearen txanda izango da eta Hobe Ixilik! lana antzeztuko dute Itziar Ituñok eta Ramon Aguirrek eta zuzentasun politikoari helduko diote.
"Ikuskizun guztiek badute zeozer", nabarmendu du Marinek. "Pribilegioa" sentitzen du tituluen berri jasotzean, "konpainiak ze gai ipintzen dituzten eszenatokian" ezagutzea, hain zuzen. Bestalde, programazio heterogeneoa eta aniztasuna bermatzearen erronka aipatu ditu Marinek, "antzoki publikoa gara eta iruindar guztioi zuzendu nahi dugu".