Artozki-Artezki proiektuaren zenbait artelan berreskuratu dituzte eta azalpenak eskatu dizkiote foru gobernuari

Bidane Beloki Ezker 2023ko urr. 2a, 13:20

Hogei urtez galdutzat jo diren 31 artelanetatik 14 berreskuratu dituzte. Urriaren 10a bitartean Geltokin egongo dira ikusgai, eta 20tik aurrera, Agoizko Kultur Etxean.

Itoizko eta Artozkiko herrien defentsaren 20. urteurrena bete da aurten, Itoizko urtegiaren proiektua geldiarazteko defentsarena. Duela hogei urte, Artozki herria eraistear zirela Itoitzekiko solidarioak taldearen ekimenez erakusketa jarri zuten elizan. Herriari zutik eusteko antolatutako ekitaldien parte zen Artozki-Artezki proiektua eta artista ugarik beren artelanak emanez erakutsi zuten elkartasuna; haien artean Jose Luis Zumeta, Jose Ramon Anda, Dora Salazar eta Juan Gorriti, besteak beste.

Sortzaileek baldintza bat jarri zuten: herria suntsitu edo urek azpian hartuz gero, han geratuko ziren obrak. Baina ez zen hala izan. Artelanak ikusgai jarri eta segituan herria behera bota zuten. Lan batzuk suntsitu ziren; besteak, berriz, poliziak jaso zituen. Solidarioek salatu dutenez, ordutik, ez da artelanen arrastorik izan, orain arte.

31 artelanetatik 14 agertu dira. Anonimoki jaso dituzte lanak eta urriaren 2tik 10era arte berreskuratutako obrak Geltokin egongo dira ikusgai, Artozkira autobusez joateko txartelak erosten ziren lekuan, zehazki. Urriaren 20tik aurrera Agoizko Kultur Etxean eskainiko dute. Baina, hala ere, non daude gainerakoak? Itoitzekiko solidarioek adierazi dutenez, metafora bat da Artozki-Artezki proiektuko artelanek urte hauetan guztietan jasotako tratua: “Irati eta Urrobi ibarretako biztanleek eta, oro har, makroazpiegitura honen kontra geundenok jasandako inposizio, gutiespen, umiliazio eta arpilatzearen metafora krudela”.

Galderak nonahi eta gehienak erantzunik gabe. Itoitzeko bizilagunek erantzunak bilatzen dituzte, baita lan guztiak berreskuratzea ere. Nafarroako Gobernuari galdutako obrei buruzko azalpenak eskatzeaz gain, falta diren 31 lanak berreskuratzen dituztenean Artearen, Memoriaren eta Lurraren Defentsaren Museoa osa dezaten nahi dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!