Ane Eslavaren liburutegia

Ane Eslava (editorea): “Liburuaren eguna ospatzea ongi dago baina urte osoko jarduna izan beharko luke”

Euskalerria Irratia 2023ko api. 25a, 19:40

Liburuaren eguna jada pasatu den arren, ezin gara egun bakar batera mugatu, eta horregatik, liburu gomendio batzuk ekarri dizkigu Txalaparta argitaletxeko editore Ane Eslavak. Batetik, Infinitua ihi batean; bestetik, Liburu bat banintz; eta azkenik, Iraultza bertikala.

Infinitua ihi batean, liburuen historiari buruzko liburua da. Haien fabrikazioaren garapena kontatzen du lan honek, mota askotako liburuak sortu baitira: kez, harriz, buztinez, ihi edo lezkaz, zetaz, larruz, zuhaitzez eginak, eta azkenak, plastikoz eta argiz eginak. Liburuaren egilea Irene Vallejo da eta itzultzailea Fernando Rey.

Liburu bat banintz liburuan zera idatzi du José Jorge Letria egileak: “Liburu bat banintz, beste ezer baino gehiago nahi nuke irakurria eta librea izan”. Lan honek azaltzen du liburu bat ez dela soilik orri sorta bat, ez eta istorio bat kontatzen duen hitz segida bat ere. Liburu batean biltzen ahal dela mundu oso bat dio. Hegazkin bat izan daiteke, hegan eginaraziko diguna; lanpara bat, iluntasunean argi emateko; kanpin denda bat, aterpetuko gaituena. Une bakoitzak, liburu bat. Garazi Arrulak itzuli du liburua.

Iraultza bertikala. Edo zergatik ibiltzen diren gizakiak zutik liburua Ngugi wa Thiong'o idazle keniarrak idatzia da. Ahozko literatura tradizioari eta besteei irakurtzean partekatzen dugun une magikoari egindako omenaldia dugu. Ipuinak giza gorputzaren eraketa kontatzen du. Besoek eta hankek atal garrantzitsuenak direla erakutsi nahiko dute lehiaketa batean, eta gainerako animaliak horren lekuko izango dira. Iraitz Urkulo Rodríguez arduratu da itzulpenaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!