Izaskun Rekarte (Kriminologiaren Institutua): “Mila kasutik gora bildu ditugu, baina torturaren ikerketa ez dago itxita”

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 8a, 12:22

Kriminologiaren Euskal Institutuak 1979tik gaur egunera arteko torturari buruzko txostena aurkeztu dio Nafarroako Parlamentuari.

1979tik gutxienez 825 tortura kasu izan direla ondorioztatu du Kriminologiaren Euskal Institutuak. Ez da egiten duen lehenengo lana. 1960tik ordura arte gertatutakoak bildu zituen, eta denak kontuan izanda 1.068 kasu dira, gutxienez. Lortu dituzten emaitzekin, "eskala handiko abusuez"; hitz egin daitekeela ohartarazi dute EHUko adituek.

Xehetasunetara joz, ohikoenak jipoiak (kasuen % 77,4tan erabiltzen dira) eta mehatxuak (% 74,1) izan dira. Sexu-indarkeriako kasuak ere ohikoak izan dira. Eta erantzule nagusiak, berriz, Polizia Nazionalak (% 49,8) eta Guardia Zibilak (% 45,1) dira.

Duela hilabete aurreratu zituzten datuak Kriminologiaren Euskal Institutuak. Baina atzo aurkeztu zuen osoko 1979tik gaur egunera arteko torturari buruzko txostena aurkeztu dio Nafarroako Parlamentuan. Pozik dira egun halakoez hitz egiteko aukera dagoelako ganberan.

Parlamentuko eztabaida

Atzo mintzatu ziren aurrenekoz alderdi guztiak gaiaren inguruan. PSNk ontzat eman du txostena, eta politikariek bizikidetzan ezartzen dituzten trabak onartu zituen. “Oztopo bat izaten ari gara aitortzarako”, adierazi zuen Inma Juriok.

UPNk, berriz, esan du poliziari “oso eskertuta” dagoela. Baina ñabardura batekin: torturatu duena ez da haien taldekoa. “Giza eskubideen aurka egin duena ez da gutarra”, esan zuen Iñaki Iriartek.

Nafarroako Torturatuen saretik pozik hartu dute parlamentuan gaia landu izana. “Begi-bistan gelditu da tortura ez dela kontu isolatu bat, sistematikoa baizik”, zehaztu zuen Jorge Txokarrok. Administrazioaren ateak zabaltzen hasi badira ere, bidea luzea dela ohartarazi dute. Iratxe Sorzabalen auzian jarri dute adibide, torturapean egindako deklarazioetan oinarritu baitira aste honetan zigorra berresteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!