Orain dela bi urte, pandemiaren ostean, Haritu elkarlaguntza sarea sortu zuten 110 kidek, Iruñean. Xede nagusia, langile klasearen pobretzeari modu kolektiboan aurre egitea da. Elkartasun Biltegia eta Etxebizitza Sindikatua antolatu zituzten. Batetik, supermerkatuetan jasotako elikagaiak banatzen dituzte Zabaldi Elkarteko haien egoitzan taldekideen artean. Bestetik, etxebizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatzen dute. Bi alor horietan aritzen dira lanean. Haiek osatzen duten komunitate propioa indartzea eta babestea dute helburu. Ez dira gizarte zabalari arreta eta laguntza emateko zerbitzu bat. Markel Jimenez gazteak eman dizkigu xehetasunak.