Bost bulego ditu egun Kattalingune zerbitzuak. Tafallan, Lizarran, Tuteran, Irurtzunen eta Iruñean eskaintzen diote arreta sexologiko eta juridikoa LGTBIQ+ kolektiboari. Protokoloak ere garatzen dituzte profesional, kolektibo eta eragileentzat, eta sentsibilizazio lana egiten dute. Zazpi langileren artean egiten zuten lan hori urte hasierara arte, baina lau langilera murriztu du zerbitzua Nafarroako Gobernuak. “Kontutan hartu dituzte arreta zenbakiak, baina gure lanaren zati bat baino ez da. Ez dute kontuan hartu, batez ere landa eremuan, sektore guztietan egiten den lan hori. Pleguan, gainera, kortse bat jarri dute, eta ordu lan gehiago sartu dituzte. Lau pertsonen esku utzi dute zerbitzua, eta Iruñean zentralizatuta”, azaldu du Arraitz Kochek. Edur Garciarekin batera kaleratua izan den langileetako bat da. “Generaman estrategia puskatu dute, eta kolektiboarekin eta Kattalinguneko profesionalekin hitz egin gabe zerbitzua nolakoa izanen den erabaki dute”.
Hori dela eta, lehiaketa publikora ez aurkeztea erabaki zuen Kattalingorrik, orain arte hitzarmenen bitartez zerbitzua kudeatu duen elkarteak. “Atzera pauso erraldoia eman da, eta kalitatea galduko da”, argudiatu du Garciak. Gobernuak azaldu duenez Gizain fundazio publikoak hartuko du bere gain LGTBI+ zerbitzua, eta langileak subrogatuko dituzte.
Nafarroako Parlamentuko taldeekin elkartu da kolektiboa azken asteotan, haien egoeraren berri emateko. LGTBI politiketarako aurrekontu guztia zerbitzura bideratzea eskatu diete eta haien iritzia kontuan hartzeko: “Kattalingunen inbertitzera behartzen ditu legeak”.
Zerbitzuak kalitatea galdu ez dezan aldarrikatzeko manifestazioa eginen dute otsailaren 25ean. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte Kochek eta Garciak.