Ibai Iriarte Goñi filologo iruindarrak Joakin Lizarraga, Elkanoko apaizaren testuetan agertzen den lexikoaren azterketa egin eta argitara eman du Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindiarekin. 5.000 eskuizkribu baino gehiago utzi zituen Lizarragak eta haietan aurkitutako 1509 hitzen azterketa lexikoa jasotzen du argitalpenak. Hitz horietako asko erabilgarriak izan daitezke gure eguneroko solasaldietan eta horietako batzuk aukeratzeko eskatu diogu Ibai Iriarteri Irrintzi Plaza saioan.
Joakin Lizarraga (Elkano 1748 - Elkano 1835) euskal letretan ezagutzen den idazlerik oparoenetakoa izan zen, eta liburu hau Nafarroa Garaiko euskara hobeki ezagutzeko aproposa da. Idazlearen bizitzaren nondik norakoak, obra, erabilitako idatzizko iturriak eta lexikoaren azterketa filologiko eta dialektologiko xeheak agertzen dira liburuan. Hain zuzen, Lizarragaren lanetatik hautatutako 1.509 hitzen azterketa lexikoa jasotzen du argitalpenak. Lexikoari dagokionez, Ibai Iriarte ikerlanaren egileak honako hau nabarmendu du: “Joakin Lizarragaren idazkietan baiki ‘bai horixe’ forma hanpatua, eder-itsusi ‘duintasuna’, gaixtofikatua ‘maltzurra’, marranko ‘ia ahotsik gabe dagoena’ eta nastekazio ‘nahasmendua’ eta mendortz ‘egunsenti’ bezalako hitzak aurkitu ditugu”.
Ibai Iriarte Goñiren lana
Iruñean jaio eta telekomunikazioen munduan lanean aritu ondotik, euskararen inguruko ezagutza sakonagoa izateko gogoak Gasteizen Euskal Ikasketen gradua ikastera bultzatu zuen. 2017an graduatu zen eta hurrengo urtean Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza masterrari ekin zion ikerketaren harrak hartaraturik. 2017ko irailetik 2022ko urtarrilera Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak babesturiko Joakin Lizarragaren lexikoa aztertzeko egitasmoan parte hartu du eta EHUko doktorego programako kide da iragan 2019az geroztik.