Greba mugagabean dira kirol instalazioetako langileak

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 18a, 10:50

Aranzadi kiroldegia, gaur goizean. Argazkia: CCOO

Igerileku eta kirol-instalazio publiko zein pribatuetako 2.000 langile baino gehiago daude lanuztea egitera deituta. Orkoiengo kiroldegian akordioa lortu du LABek, greba mugagabea hasi baino ordu batzuk lehenago.

Kirol sektorerako hitzarmen duina nahi dute langileek, 2020az geroztik, izoztutako hitzarmena dute-eta. Langileen ordezkariak sei aldiz elkartu dira patronalarekin, baina blokeaturik dago negoziazioa, "proposamena aldatzeko "borondaterik ez dutelako enpresek". Hala azaldu zion Euskalerria Irratiari CCOO sindikatuko Unai Alavak

Patronalaren azken proposamenak %3,5eko soldata igoera aurreikusten du. Langileen aburuz, ez da igoera nahikoa eta KPIaren araberakoa galdegin diote. Sedena, Urtats, Gesport eta Soysana enpresen esku dauden kirol-kudeaketako instalazioei eragiten die lanuzteak, CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek zehaztu dutenez. 

Akordioa, Orkoienen

Sektoreko greba mugagabea hasi baino ordu batzuk lehenago, LAB sindikatuko langileen ordezkariek, plantilla osoaren bermearekin, akordioa lortu dute Orkoiengo kiroldegia kudeatzen duen Iturgain enpresa publikoaren zuzendaritzarekin. Akordioak, besteak beste, KPIren gaineko soldata igoerak ziurtatzen ditu. Ontzat jo du sindikatu abertzaleak, ohar bidez: "Sektoreko aldarrikapen guztiak lortu dira: soldaten igoera KPIaren gainetik, urteko lanaldia 16 ordu murriztea eta bajen osagarria, gaixotasun arruntagatik edo lanagatik, %100 izatea. Gainera, lanaldi partzialeko langileen lanpostu hutsak arautzeko eta beste lan gai batzuk hobetzeko konpromisoa ere hartu da, sektorea hobetuko duen enpresa hitzarmen bat sinatuz".

Hobekuntzak lortu ahal izan badira, bertako langileek grebarekin bat egiteko erakutsi duten asmo irmoarengatik izan dela uste du sindikatuak. "Gainontzeko kiroldegietan ere posible izanen da", aurreikusi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!