Goizeko bederatzietan hasi da Sarean Euskaraz jardunaldia, Baluarten. Pandemiaren ostean, aurrenekoz mugarik gabe, 450 ikasle inguru ari dira gaur euskarazko informazioaren eta komunikazioaren teknologien gainean lanean. Bihar beste horrenbeste bilduko dira.
Hiru gunetan banatu dituzte euskaraz kultura digitala garatzeko jarduerak. Jolas aretoan, galdera-erantzunen Egunean behin jokoaren zuzeneko partidak eginen dituzte. Txanda bakoitzeko hiru partida bizkor eta sari bat egongo dira. Musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioak landuko dituzte, Dj Makalarekin; bideomappinga, Elurmalutarekin; App Inventor Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzuan trebatuko dira; errealitate birtualerako, 3D diseinuaren eta elektronika interaktiboaren hurbilpena eginen dute Protomakersekin; bideo-jokoen kontsumoaren inguruko gogoeta egingo da eta euskarazko bideo-jokoak probatuko dituzte Game Erauntsiko kideekin; eta Oier Fuentesekin smartphonearekin egindako argazkilaritza landuko dute.
Era aretoan, bi hitzaldi programatu dituzte, erabileran sakontzeko. Gipuzkoako Software Askeako Maider Likonak Pribatutasuna Sarean eskainiko du; Emaize Sexologia Zentroko Ane Ortizek, berriz, Harremanak 3.0: like bat eman.
Iruñerritik kanpoko ikastetxeen kasuan, ordea, iazko formatu bikoitza errepikatuko da. Kasu horretan jardunaldia deszentralizatu da eta ikastetxeetan antolatu dituzte saioak. Orotara, 1.300 gaztek baino gehiagok hartuko dute parte. Euskarabideak bultzatutako programaren honen seigarren edizioa da.