Uztailaren 6tik ez du euririk egiten inguruan eta ganorazko prezipitazioak atzemateko gibelerago egin behar da. Iruñerriko ibaien emaria baxua eta mantsoa da. Udako ohiko lehorteei gehiegizko beroa batu zaie eta horregatik urtegi eta urmaeletan ere ur maila baxuagoa atzeman daiteke. Hala ere Iruñerrian egoera oraindik ez da kritikoa, azaldu du Bakarne Atxukarrok, Iruñerriko Mankomunitateko komunikazio arduradunak.
Izan ere Iruñerriak hiru ur iturri nagusi ditu: Arteta-Egilor, Eugi eta Itoiz. Artetan emaria ohi baino baxuxeagoa den arren beste bietan egoera orekatua da oraindik.
Bakarne Atxukarrok hala ere gogorarazi du aurre alerta egoeran egon edo ez egon, ur emaria handia izan ala ez, beti kontsumo arduratsua eta uraren erabilera jasangarria egin behar direla.