Dugunako 43 dantzari ariko dira sanferminetan

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 5a, 10:10

Bihar txupinazoaren ondotik eginen dute lehenengo ekitaldia, Foruen Plazan, Iruñea eta Iruñerriko beste dantza taldeekin batera.

“Poz handia da orain arte sanferminak dastatzerik izan ez duten bi dantzari-labekada berriri ongi etorria ematea eta horregatik ere, sanfermin besta bereziak izanen dira aurtengoak”, azaldu du Duguna dantza taldeak Dantzan.eus atarian. “Bestarik ez litzatekeenez dantzarik gabe, gu ere prest gara gure lanak munduko ilusio handienarekin aitzina eramateko”.

Txupinazoaren osteko lehen ekitaldi ofiziala, 13:30ean eginen dute, Foruen plazan, Iruñea eta Iruñerriko dantza taldeekin batera. Lesakako ezpata-dantza eta Arantzako soka-dantzak izan dira 2022 honetarako hautatutako errepertorioa. Dugunak Lesakako ezpata-dantza emanen du, bi talderekin. “Orotara 34 lagun ariko gara makil-gurutzatzen edo zeharkako eta zubi-gaineko dantzan”.

Sanfermin egunean, segizioan irtengo dira. 14:00ak inguruan trokeo-dantzak eramanen dituzte Iruñeko Udaletxe plazara. “Xenpelarrena makil-txikien-dantza, Iruñeko ferietan makil-handiena, Pinpirin eta florian arku-dantza eta dorrea aterako ditugu plazara aspaldiko partez”.

Hori bukatuta, aste bateko pausaldia izanen dute Dugunako dantzariek, uztailaren 14ra arte. Zortziurrenean ere paseoan ariko dira goizeko 11:00etatik aurrera. Behin segizioa bukatuta, 13:30ak aldera, berriz ere ariko dira trokeo-dantzan, Iruñeko erraldoiekin batera. Ama begira zazu brokel dantza, Iruñeko ferietan makil-handiena eta Arre-arre mandoko zinta-dantza eskainiko dituzte.

Azken emanaldia, agurra dantzatuko dute kulturaren arteko Mazedoniako parte hartzaileen omenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!