Sexu transmisiozko gaixotasunen aurka batera ariko dira sanferminetan Osasun departamentua, Gazteria eta Berdintasuna, Nafarroako Hiesaren Aurkako Herritarren Batzordea, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua eta Iruñeko Peñen Federazioa. Lehenengoz Iruñeko Udalak ez du bat egin kanpainarekin. “Elkarrekin zaintza gozagarri” leloa aukeratu dute, tratu onak eta harreman sexual seguruak, osasungarriak eta berdinzaleak aldarrikatzeko. Horretarako, preserbatiboak eta prebentziozko beste material batzuk doan banatuko dira 180 puntu baino gehiagotan.
Sexu transmisiozko gaixotasunen diagnostikoak %36 hazi dira pandemiaren aurreko datuekin alderatuta. 2021ean Nafarroan 1.016 diagnostiko jakinarazi ziren, zaintza epidemiologikoko erregistroen arabera. Balantze horretan sartzen dira klamidia (667 infekzio-kasu), gonorrea (205), sifilia (89), GIB (35) eta linfogranuloma benereoa (20). Klamidia, gonorrea eta sifili kasuak hirukoiztu dira Nafarroan.