Kontseilu Sozialistak hartutako taberna miatu du Espainiako Poliziak

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 5a, 08:18

Drogen aurkako kontrola aitzakia sartu dira Kalixto tabernan. Hamabost pertsona inguru identifikatu dituzte.

Iruñeko Kalixto taberna goitik behera miatu zuen Espainiako Poliziak, atzo arratsaldean. Iruñerriko Kontseilu Sozialistak hartu du taberna sanferminetarako. Sare sozialetan azaldu dutenez, drogen aurkako operazio baten aitzakiarekin sartu ziren barrura. Barruan zeuden hamabost pertsona inguru identifikatu ditu poliziak, “motxilak arakatu eta argazkiak atera dituzte”. Iruñerriko Kontseilu Sozialistak salatu duenez, "beldurra eragitea" zuen helburu Espainiako Poliziak.

Musika eta aldarrikapena, Kalixton

Mugimendu sozialistaren gunea izendatu du Kontseilu Sozialistak Kalixto taberna. Bihartik hasita, egitarau oparoa antolatu dute. Musika jartzaileak, kontzertuak, bertso saioa eta bazkariak eginen dituzte, besteak beste. Igandean herri sanferminak aldarrikatzeko deitu duten manifestazioarekin bat egin dute.

Hilaren 13a izanen da egun handia, Kalixto tabernan: mugimendu sozialistaren eguna. Gazte Topagune Sozialistaren aurkezpena eginen dute, bazkari herrikoiaren aurretik. Mobilizazioa antolatu dute, “sozialismoa eraiki!” lelopean arratsalderako, eta Gripe Aviar, Aka-Boh eta DJ Atenenas zuzenean ariko dira, ondoren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!