Beltzez jantzita, denak; aurpegia estalita, gehienak. Ehunka emakumek Iruñeko Alde Zaharreko kaleak zeharkatu zituzten atzo, eraso sexistarik onartuko ez duela argi adierazteko. “Uholde beltza gara, amorruz eta irmotasunez mintzo dena, isilik, menpeko eta otzan nahi gaituzten horien tinpanoak zartatu ditzakeen amarru karrankariz. Guk dantzan eta ospatzen jarraituko dugu, eta aldi berean borrokan, mugimendu feministaren borrokarako indar leherkaria inoiz baino biziago dagoelako”.
Bi urteko etenaren ondotik, bihar hasiko dira sanferminak; eta feministek ere berreskuratu dituzte pandemiaren aurretik ohitura zirenak. "Beldurrak gurekin jai!" lelopean egin zuen atzo, gaueko hamaiketan, manifestazioa Iruñerriko mugimendu feministak. “Hasi ginenean baino gehiago gara, eta garenak baino gehiago izango gara. Zisheteropatriarkatuak su hartu arte borrokatuko gara”, ohartarazi dute. Autodefentsa transfeminista aldarritkatu dute manifestariek, eta saretze feministaz kaleak hartzeko deia zabaldu dute.