Peñen hainbat ekitaldi debekatu ditu Maiak

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 30a, 07:37

  • Navarra Suma “hiriko gehiengo sozial eta politikoaren aurka” ari dela salatu dute peñek.
  • Udalbatzako gehiengoak Peñen Federazioari babesa eman dio, eta Maiaren aurkako adierazpena eramanen du biharko osoko bilkurara.
  • Arrotxapeari, Iruñeko Algarari eta Sanduzleairi ez dizkiete baimendu aurreko urteetan arazorik gabe egiten zituzten jarduerak.

Enrique Maia alkateak soka tenkatzen segitzen du, sanferminetara begira. Lehenik eta behin, Herri Sanferminei haien barraka politikoak Alde Zaharrean paratzea debekatu zien. Gero, pertsona migratzaileen kolektiboak Antoniuttitik Trinitariosera egotzi zituen. Bitartean, Gazteluko plaza ostalarien barraz eta haren gogoko disko jartzailez bete zuen. Orain, Iruñeko peñak hartu ditu jo puntuan.

Orain arte sanferminetan batere arazorik gabe egiten zituzten jarduerak debekatu dizkie hiru peñari Maia alkateak. Arraotxapeak eta Iruñeko Algarak peñakide txikien egunean ezinen dituzte haurrentzako gaztelu puzgarriak paratu. Sanduzelai peñako kideek ezinen dute erdigunera autobusez igo.

Debekuok ikusirik, Peñen Federazioak idazki bat prestatu du, biharko osoko bilkuran adierazpen moduan eztabaidatua eta bozkatua izan dadin. EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik sinatu egin dute, eta atzo Bozeramaileen Batzordean aurkeztu zuten, osoko bilkurara joan dadin.

Adierazpen horretan, Sanferminen prestaketan “aldebakartasunez” aritzea egozten diote Maiari: “Une bakoitzean berak nahi zuena egin du”. Horren adibidetzat aipatzen dituzte Herri Sanferminen, pertsona migratzaileen kolektiboen eta Gazteluko Plazaren aferak.

Peñen aburuz, Udalak sanferminak diseinatzeko martxan jarritako parte hartze prozesua “ustela” izan da, “kale egin du”. “Ez da izan eztabaidarik, aldez aurretiko lanik ezta kontrasterik ere”, azaldu dute. Salatu dutenez, “Sanferminetako Mahaira iritsi diren proposamen guztiak alferrik galdu dira”. Peñen irudikoz, alkateak erabakiak hartu ditu “Sanferminetako Mahaiari bizkarra emanda, eta hiriko gehiengo sozial eta politikoaren aurka”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!