2.700 polizia baino gehiago, sanferminetako segurtasun dispositiboan

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 28a, 07:45

Poliziaren koordinazio-zentroa uztailaren 5ean jarriko du martxan Iruñeko Udalak

2.700 agentek baino gehiagok osatuko dute sanferminetako segurtasun dispositiboa. Horretan, Udaltzaingoak, Foruzaingoak, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak hartuko dute parte. Hala jakinarazi zuten atzo, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzan egindako Segurtasun Batzordean.

Bileran izan ziren, besteak beste, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuko ordezkaria, Enrique Maia Iruñeko alkatea, Javier Remirez foru lehendakariordea eta polizia-kidegoetako agintariak. Bileraren helburua polizien lana koordinatzea izan zen, “jaietan segurtasuna bermatzeko eta Iruñean bisitari asko biltzen diren egun batzuetan ahalik eta arretarik onena eskaintzeko”.

Iruñeko 415 udaltzainez gain, dispositiboak 700 foruzain inguru izanen ditu, 800 bat polizia nazional eta 853 guardia zibil. Horiei Babes Zibileko 200 laguntzaile gehitu behar zaizkie, naranjito deitzen dituzten horiek, hiriko gune jakinetan trafikoa erregulatu eta kontrolatzeko lanak egiten dituztenak, Udaltzaingoarekin lankidetzan aritzeko beste funtzio batzuez gain.

Dagoeneko antolatuta daude ekitaldi nagusietarako dispositiboak, hala nola txupinazoa, entzierroak, prozesioa, su artifizialak, zezen plazako sarrerak eta irteerak edo erraldoi eta buruhandien desfileak.

Esku-hartzeak polizia-kidego guztien artean koordinatuta egongo dira; izan ere, uztailaren 5etik aurrera, polizia-arteko koordinazio-zentroa aktibo egongo da Iruñeko Udaletxean. Zentroak lau polizia-kidegoetako (Udaltzainghoa, Foruzaingoa, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila) arduradunak ditu, eta Udalak hirigunean dituen segurtasun eta trafiko kamera guztiak denbora errealean ikusten dira bertan. Bistaratze horri esker, poliziaren presentzia eskatzen duten ekitaldien kudeaketa eraginkorra eta efizientea egin daiteke, agenteak koordinatuz eta herritarrei erantzun azkarra emanez.


 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!