Iñigo Otxoa (HE Gurasoak): “Euskara eskubidea ez da bermatuko eskaintza-eskaria parametroetan”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 10a, 10:18

HE Gurasoak salatu du Iruñeko haur eskoletako euskarazko eskaria udalak dioena baino %15 handiagoa dela. Aurre matrikulazio datuak “estatistika orokorrekin” estali ditu udalak Iñigo Otxoa kidearen iritziz.

Atzo egin zituzten publiko aurre-matrikulen zerrendak. Iruñeko Udalaren arabera, %20koa da haur eskoletan euskarazko eskaria. Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak salatu du, ordea, zenbatekoa “mugatu” dutela. Euskarazko murgiltze eredua eskaintzen duen zentro bakarra dago Iruñean, eta seik euskara eta gaztelania lerroak partekatzen dituzte. Iruñeko hego-mendebaldeko auzo guztietan (Donibane, Mendebaldea, Ermitagaña, Etxabakoitz eta Iturrama) eta hego-ekialdeko auzo ia guztietan (Azpilagaña, Zabalguneak, Mendillori eta Erripagaina) ez dago euskarazko eskaintzarik.

Zuen zenbaketen arabera, familien %35,2k euskara aukeratu dute haur eskola publikoetan.

Orain dela aste batzuk entzun genuen udaletik nola euskararen eskaera %20ean batean mugatu zuten eta bueno guk datu horiek kontrastatu nahi izan ditugu. Gertatzen dena da instituzioek euskararen eskaera diluitu dutela estatistika orokorretara, eta guk egin duguna, aldiz, da eskaintzen den tokian bataz besteko bat egin. Nabarmen gora egiten du ehunekoak.

Auzoak kontuan hartu dituzue, egoera ez da ez baita berdina batetik bestera.

Hego-mendebaldean ez dago eskaintzarik eta hego-ekialdean oso-oso gutxi. Orduan, nola aterako ditugu estatistikak Iruñe erdian ez bada eskaintzen euskara? Muturrera eramanez, kalkulatu genezake estatu mailan zelako eskaera daukan euskarak. Ez da justua. Estatistika eskaintzen lantokien arabera aztertuz, %35,2koa da eskaria; eta, auskalo, neurri handiagoan eskainiko balitz zein izango litzatekeen.

 

 

Izan ere, haur eskola aukeratzerakoan gertutasuna funtsezko adierazle bat izaten da familientzat.

Bai. Imajinatu bigarren umea eduki duzuela, bat daukazu auzoan eta bestea eraman beharra Iruñeko beste puntara. Askotan oso zaila izaten da, eta horrek baldintzatzen du dena. Eredu linguistikoen hautaketa, oso lotuta dago gertutasunarekin.

Halaber, nabarmendu duzue euskara ezin dela eskaintza eskaria parametroen bidez neurtu.

Guk beti esaten dugu euskararik gabe ezin dela ume bakar bat ere gelditu. Euskara eskubidea eskatzen dugu. Kasu horretan egin dugu estatistiken kalkulu bat, ezarri nahi duten kontaketa horri kontra egiteko. Euskara eskubidea ezin da eskaera eta eskaintza parametrotan neurtu, eskubide hori bermatu dadin nahi badugu.

Zer da aldatu beharko litzatekeena?

Euskara murgiltze ereduan eskaini, plaza gehiago jarri eta gerturatu behar dira. Geografikoki orekatuagoa izatea, auzoetara eramatea. Iruñeko Udalari egiten diogu eskaera. Baina ez bakarrik. Nafar gobernuak baditu berak zuzenean kudeatzen ditu 5 haur eskola publiko, eta horietan eskaintza oraindik txikiagoa da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!