Iruñeko EH Bilduk premiazko mozio bat aurkeztu du batzorde informatibo bat sortu dadin "Navarra Sumak bere koalizioaren txostenak egiteko udal baliabideak zenbat aldiz erabili dituen aztertzeko". Mozioa osteguneko Osoko Bilkuran eztabaidatuko dute. Organo horren sorrerak oposizioko hiru taldeen, EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen, babesa du, eta horiek, elkarrekin, Osoko Bilkuraren gehiengoa dute.
Aurreko ostiralean abertzaleen koalizioak publikoki salatu zuen eskuineko hirukoak diru publikoz ordaindutako baliabideak erabili zituela "alderdiaren interesen aldeko lanak egiteko" eta Zehazki Juan Jose Etxeberria zinegotziak Iruñerriko Mankomunitatean aurkeztu zuen txostena Gonzalo Perez Remondegi Udal Zerbitzu Juridikoen buruak osatu zuela, "Udaleko ordenagailuarekin eta lan orduetan".
Hori dela eta EH Bilduk Baliabide publikoen erabilera irregularrari buruzko Batzorde Berezia izena duen organoa sortzeko eta hori arautzeko proposatu du. Zehaztu dute gainera "Navarra Sumako Hirigintzako titularrak berak, Juan José Etxeberria, prentsari aitortu diola Navarra Sumak zerbitzu juridikoen burua erabili zuela Mankomunitateko ingurumen-zentroari bere alegazioak idazteko". Gaurkoan abertzaleen koalizioak berretsi du "badaudela susmo handiak horrelako lan gehiago egin izanaz, lanorduetan egindakoak, eta Perez Remondeguik, karguaren titularrak, Udaletik kobratzen zuela".
Praktika kritikatuta, ohar bidez hiriburuko EH Bilduk adierazi du "oso larria" dela !alderdi barruko zereginetarako funts publikoak erabiltzea, baina are larriagoa da, Etxeberriak atzo egin zuen bezala, praktika hori ustezko interes publiko baten arabera justifikatu nahi izatea". EH Bilduren ustez jarrera horrek "NA+-en ideia politikoari baino ez dio erantzuten" eta eskuineko kolaizioak politikari buruz "publikoa eta pribatua bereizteko orduan" duen "kontzeptu moral kezkagarria" deitoratu dute.
Batzordearen funtzionamendua
Ostegunean eztabaidatuko duten mozioak aurreikusten du talde bakoitzak izendatuko dituen ohiko informazio-batzordeetako ordezkari politiko kopuru berak osatuko duela batzordea. Honekin batera jorratuko dute lehendakaria eta lehendakariordea oposizioko edozein taldetako kideak izan daitezela, "inpartzialtasun osoa" bermatze bermatzearren.
Honekin batera ikerketa-batzordearen bilkura guztiak" publikoak izango dira", eta, onartzekotan, herritar zein hedabideei irekiak izanen dira. Gaur erregistratutako eskariak gainera lehen bileraren epea zehazten du, gehienez, Batzordea onartu eta hamar egunera, beti ere bestelako batzordeekin bat egingo ez duelarik.