Fernan Mendiola: "Frankismoan 1.500 gatibu inguru aritu ziren bortxaz nafar trenbideetan lanean"

Euskalerria Irratia 2021ko abu. 24a, 12:05

Espainiako Trenbideen Fundazioak eta Renfek memoria historikoari eta frankismoaren errepresioari buruz martxan jarritako proiektuaren barruan, trenbideetan egindako lan behartuari buruzko ikerketa egin dute Fernan Mendiola eta Juan Carlos Garcia NUPeko ikertzaileek.

Bortxaz 1.500 langile aritu ziren Espainiako gerran eta gerraostean, frankismoaren erregimenaren pean, lanean Nafarroako trenbideetan. 1938. urtetik aurrera, Ebro ibarra zeharkatzen zuen linean Castejon eta Zaragoza artean eta baita neurri txikiagoan Altsatsu eta Gasteiz arteko zatian ere. Zegoen trenbidea bikoiztu zuten azken kasu honetan.

Altsasuko Udalak gordetako artxiboari esker, Altsasu eta Gasteiz lotzen dituen trenbidean aritutako behartutako 83 behargin identifikatu dituzte ikertzaileek, momentuz. Horietako bat izan zen Isaak Arenal. 2013an zendu zen, baina idatzirik utzi zituen frankismo garaiko memoriak.

Memoria historikoaren lanketan Altsasu aitzindaria izan dela azaldu du Mendiolak. Eta, kasu honetan, Renfek eta Espainiako Trenbideen Fundazioak hartutako bidea ere azpimarratu du. Mendiolaren hitzetan ez da ohikoa enpresek horrela jokatzea, eta gehiago egin dezaketen arren aurrera urrats bat dela aitortu du. Garatu duten proiektuaren emaitza 'Burdinaren seme-alabak' dokumentalean eta webgunean ikusi daiteke.

Irudia: Bermeo – Sukarrieta (Bizkaia) trenbidearen zigor destakamenduan 1953 eta 1956 artean lanean ari ziren presoak. Iturria: trenbidearen Euskal Museoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!