Eduardo Santos: "Afganistango zortzi lagun heldu dira Nafarroara"

Euskalerria Irratia 2021ko abu. 23a, 10:21

Afganistanen sortutako krisi humanitarioan, Nafarroa laguntzeko prest dagoela adierazi du Euskalerria Irratian Eduardo Santos Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak. "Baina hemendik gutxi egin daiteke", ohartarazi du.

Maria Txibite Nafarroako presidenteak eskutitz bat igorri zion joan den astean Pedro Sanchez presidenteari, Nafarroako Gobernuaren "konpromisoa eta prestasuna" agertuz, Afganistango errefuxiatuak hartzeko. Larunbatean iritsi ziren lehenengoak. Zortzi dira, familia berekoak. Kabulgo aireportutik, Dubaira eta handik Torrejon de Ardozen (Madril, Espainia) Espainiako Armadak jarritako 800 lagunentzako kanpalekura heldu ondoren iritsi dira. 

Emakumeak eta haurrak dira Nafarroako Gobernua gehien kezkatzen dituenak; izan ere, beldur da talibanen erregimenarenpean "herritar horiek euren eskubideak erabat etengo ote dituzten".

AEBen irteera krikatu du Santos kontseilariak, Euskalerria Irratian, eta erabat gauzatzen denean, fokoak itzaltzen direnean, piztuko den krisiak kezkatzen du gehien. "Krisi humanitarioari erantzuteko mekanismoak garatu beharko lituzte Europak, bestela orain egiten ari garena iragarki hutsa litzateke".

Kideak, gazte migratzaileak laguntzeko programa aitzindaria

Errefuxiatuak hartzeko protokoloaz ez ezik, Nafarroara adingabe gisa eta erreferentziazko pertsona heldu positiborik gabe iritsi ziren 18 eta 23 urte bitarteko gazte migratzaileei zuzendutako Kideak programaz ere mintzatu da Eduardo Santos irratian. Joan den ekainean abiatu zuten, eta une honetan 28 gazte ari dira programan parte hartzen. Adingabe diren bitartean duten tutela amaitzean gazteak  babesgabe ez uztea da helburua.

Halako ekimenek zentzua izan dezaten, administrazioak eragiten dituen trabak arintzea ezinbestekoa dela zehaztu du Santosek. Atzerritarren Legearen erreforman aurreikusitako Adingabe eta gazte migratzaileentzako erregularizazioa martxan jartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!