Yasmine Khris eta Lander Majuelo: "Hasi da LABA hedatzen Iruñerrian"

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 11a, 11:46

Atzo argitu zuten misterioa: LABA euskara eta euskal kulturarentzako gune bat izango da, "topagune, gozagune, sorgune". Yasmine Khris eta Lander Majuelo laba-kideetako bi dira. Proiektua babesteko elkarpen kanpaina abiatu dute itsulapikoa.eus-en.

Dimentsio fisikoa eta sinbolikoa izango du en egitasmoa da LABA; espazio bat baita; gune bat, Iruñe erdigunean kokatua, baina hori baino askoz gehiago da; sare, topaleku eta erakuslehio ere izan nahi du. 

Askotariko lagunak bildu dira sarean; adin eta izaera ezberdinetakoak, baina guztiak euskaraz bizi direnak eta bizi nahi dutenak. Prozesua 2020ko hasieran abiatu zuten; nukleo txiki bat zen, baina gunearen eskaintza heldu zen, eta katalizatzaile izan zen.

Ordutik, sarea zabalduz joan zen, eta etxeratzearekin zein elkartzeko mugekin ere, gai izan dira partekatzeko, elkar ezagutzeko, eta parte hartze prozesu bat gauzatzeko. Uneko zailtasunak aukera bihurtu zituzten.

Orain egin dituzte lehenengo urratsak, proiektua egituratu dute, eta badute gune fisiko bat, Gazteluko plazan, Iruñeko bihotzean. Eta horrek badu bere garrantzia, euskara bazterretik erdigunera joango delako. Han oholtza bat irudikatzen dute, horrek ematen dituen aukerekin, baina hori baino gehiago ere bai, proiektu berriak sortzeko gune bat ere izango delako, aterik itxi gabe.

Kide gehienak gazteak dira, baina badira beteranoagoak ere; eta nabarmentzen dute belaunaldien arteko transmisioa garrantzitsua izaten dela.

Orain diru bilketa edo finantzaketa kolektiboa abiatu dute, itsulapikoa.eus-en. 30.000 euroko kopurua jarri dute, egoitza txukundu eta proiektuak martxan jarri ahal izateko; baina hori bakarrik ez, lagun berriak batzeko gonbidapena ere egin dute; eta haiekin harremanetan jartzeko bidea laba.eus webgunea da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!