“Mendi tontor elurtuan edo eta ospitale bateko logela batean hildako senide bat gogora ekar dezakegu bihotzean minik sentitu gabe? Maite dugun pertsonaren heriotza, galerak eragindako mina eta sufrimenduaren gainditzea nola bizi ditugu”. Iraganean errotutako etorkizunak eragiten duen itxaropen, joan zirenak gogora ekartzea, horiek dira Iñaki Peñaren dokumental berriaren hari-muturrak. Oroitzapenaren eta itxaropenaren gaineko dokumentala gaur eskainiko du Iruñean. Baiona zinema artetoetan eskainiko dute gaur lana, Mendi Tour zikloaren barruan.
Andoni Ormazabalen testigantza jasotzeaz gain, 2017an Pirinioetan hildako Mikel Cresporen senideen hitzak, edo 2001ean Pumorin hildako Beñat Arrue, 22 urteko gaztea, eta beste zenbait senide eta profesionalen adierazpenak ere jasotzen ditu filmak. Jorge Nagore kazetari nafarra ere protagonisten artean dago. Jorgek oso gertutik bizi izan zuen Iñaki Otxoa de Olzaren heriotza. Era berean, beste bi mendizale ospetsu eta esperientziadun ere aurkituko ditu ikusleak: Juanjo San Sebastian eta Felipe Uriarte. Dolu prozesuetan aditua den Izaskun Andonegik eta Donostia Ospitaleko Zainketa Aringarrietako zenbait medikuk ere adierazpen eta hausnarketa interesgarriak eskaintzen dituzte.
Estreinaldia Bilbao Mendi Film Festival-eko Sekzio Ofizialean izan zen, abenduaren 6an. Bilboko Mendi Film jaialdian 15 euskal produkzio aurkeztu ziren eta bostek lortu zuten sail ofizialean sailkatzea. Euskarazko film onenaren saria Bilbao Mendi Film Festival-en.