Entzumen-errehabilitazioa erraztuko duten betaurreko birtual berritzaileak garatu ditu Eunate elkarteak

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 9a, 16:34

INEk emandako azken datuen arabera, entzumen-urritasuna duten 14.500 pertsona bizi dira Nafarroan. Inguruko zarata oztopo dute, etengabe, ingurukoak ulertzeko. Pertsona horien entzumen-errehabilitazioa erraztuko duten betaurreko birtual berritzaileak garatu ditu Eunate Elkarteak. 

HARVI deitzen da Eunateren gailu berria eta 360 graduko ikus-eremua eta soinu inguratzailea eskaintzen duen errealitate birtualeko betaurrekoak dira. Entzumena ingurune birtualetan lantzea ahalbidetzen die entzumen urritasuna dunei, sukaldean, merkataritza-gunean, parkean edo jatetxe bateko terrazan. Zaratak entzuteaz gain, mezu bat ere entzuten dute eta zer dioen atzematen saiatu behar dira. Itziar Los Arcos Eunateko logopeda da, gailua erabiltzen hasi den lehenetako bat. 

Zarateen  ondorioz, entzumen urritasuna dutenek informazio asko galtzen dute, eta gizartean isolatzera ere iristen dira. Eunateko familien arreta zerbitzuko arduraduna da Rebeca Ballesta, eta azaldu duenez, euren garapen globalean eta ongizate emozionalean ere eragina izan dezake. 

Caja Navarra Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren Innova Social deialdiaren laguntzari esker garatu dute tresna. Euskaraz eta gaztelaniaz dago erabilgarri eta logopeda eta entzumenaren errehabilitazioan espezializatutako edozein profesionalen eskura jarri dute harvieunate.com web orrialdean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!