HAUR ESKOLAK

Gari Torregrosa: "Aldaketaren helburua ez da pedagogikoa"

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 27a, 14:28

Iruñeko Udalak haur eskolen hizkuntza eskaintzan egin nahi dituen aldaketen aurka azaldu dira haur eskoletako zuzendariak. Navarra Sumaren proposamenak murgiltze eredua ezabatuko duela salatu dute: "Euskarak behar du eredu hori".

Harritu egin ditu Navarra Sumaren proposamenak Iruñeko haur eskoletako zuendariak: "Planteamendua da eskola berean gaztelaniazko ereduak (ingelesezko "jarduerak") eta euskara-ereduak (ingelesezko "jarduerak") eskaintzen duten eredu mistoa hedatzea". Aldaketak haur eskolen proiektu pedagogikoetan aldaketa nabarmena eraginen duela azaldu dute, eta proposatu aurretik ez zaiela jakinarazi edota kontsultatu: "Uste dugu hizkuntza-ereduaren aldaketa horiek ez direla planteatzen ari behar bezalako zorroztasun pedagogikoarekin, eta ez direla behar bezala aztertu sortuko diren ondorio eta zailtasun pedagogikoak edo antolamenduzkoak".

Esperientziak erakutsi die "hirugarren hizkuntza bat adin goiztiarrean sartzeak zaildu egiten duela euskara", ondorioz profesionalek uste dute aldaketa "euskararen, ingelesaren eta haurraren garapenaren kalterako izango litzatekeela" eta ez diote "inolako onurarik" ikusten. 

Printzearen Harresia haur eskolan ezarri nahi du Navarra Sumak eredu berria, eta zuzendariek zalantzan jartzen dute benetan aurrera eraman ote daitekeen, euskaraz zein ingelesez titulatutako profesionalak izatea exijitzen duelako: "Titulazioaren eskakizuna euskararako C1 eta ingeleserako B1arekin mantenduko dela imajinatzen dugu. Aztertu al da benetan titulazio bikoitz hori duten hezitzaileen poltsa nahikoa izango dugun?". 

Iruñeko haur-eskoletarako hizkuntza-eskaintza plana disenatzerakoan "gogoeta serioa" egin dezaten eskatu diote udalari, "interes politikoei soilik erantzungo ez diena eta azken 40 urteetan garatzen ari garen zerbitzuaren kalitateari eutsiko diona".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!