Aitor Etxarte, gugan bego

Euskalerria Irratia 2020ko abenduaren 22a

Euskalerria Irratian kolaboratu zuen urte luzez. Euskarazko irakaskuntza publikoaren ekintzailea. Iruñeko udal ikastolen eta Karrikiri elkartearen sorreran parte hartu zuen. Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria 2015-2019 bitarte. Irratsaio berezia egin genuen Etxarteren ibilbideaz. Hemen duzu entzungai.

 

Aitor Etxarteren inguruan solastu ginen, hura ezagutu zuten zenbait lagunekin: Reyes Perez-Iltzarbe, Hegoalde ikastolako irakaslea; Roberto Perez Elortza, Hezkuntzako zuzendari nagusi ohia; Koldo Pla, Batzarreko alderdikidea; Ana Diez de Ure, Alde Zaharrean Bizi ekimeneko kidea; eta Karrikiri elkarteko Jon Bujanda.

Aitor Etxarte Berezibar, 63 urte zituela zendu zen koronabirusaren ondorioz, abenduaren 18an. Arrasaten jaio zen Etxarte, hangoa baitzuten ama; baina iruindarra zen, Merced kalekoa. Ikasketak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zituen: Filosofia eta Hezkuntza Zientziak. Pedagogoa zen; eta, beste hainbat pertsonarekin batera, Iruñeko Udal Ikastolaren sustatzaile eta bultzatzailea izan zen, frankismoaren hondarretan.

Sare publikoan euskarazko irakaskuntza berritzailearen aitzindaria, irakasle konbentzitua eta sutsua, berrikuntza-proiektu ugaritan ikertzailea, irakasleen prestatzailea eta hainbat elkarte profesionaletako kidea izan da. Hegoalde Ikastolako zuzendaria izan zen, Karrikiri euskaldunon elkarteko sortzaileetako bat; eta, urteetan, Euskalerria Irratiko kolaboratzailea. Maldan behera hasi zen Etxarte, koronabirusaz kutsatu ondoren, "ZIUra iritsi arte". Hala aitortu zion haren seme Hedoi Etxartek Eitb-ko Eusten saioari: "Oso nekatuta zegoen lokartu zutenean".

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!