Iruñeko Planetarioan ospatuko da Natur Zientzien IV. Topaketa, UEUk eta EuskalNatura elkarteak antolatuta, azaroaren 7an eta 8an.
Topaketa hau Euskal Herriko naturzaleen, natura elkarteen eta ikerlarien topagune izan ohi da, hala nola komunitatea saretzeko helburua duen ekimena. Modu honetara zientzia euskaraz dibulgatu nahi dute, baita tokiko proiektuak nazio mailan erakutsi ere.
Aurten aldaketa globala izanen da gai nagusia. Aldaketa hau Euskal Herrian non eta nola hezurmamitzen den azaldu nahi dute, Aitor Salaberria topaketako arduradunak Irrintzi Plaza saioan adierazi digun bezala.
Aldi honetan, Euskal Herriko ingurumen arazoak hartuko dituzte hizpide, tokiko arazoak isilpean geratzen direlako maiz, klima larrialdiari lotutako mezuen artean estalita.
Esan bezala, azaroaren 7an eta 8an eginen da aurrez aurre Natur Zientzien IV. Topaketa Iruñeko Planetarioan. Orain izena emateko epea zabalik dago eta datu garrantzitsu bat: matrikula doakoa da, UEUk Nafar Gobernuarekin sinatu duen hitzarmenari esker.
Informazioa eta izen ematea UEUren web gunean.