Jose Mari Zendoia olerkigile donostiarrak irabazi du II. Nafar Ateneoa Nazioarteko Poesia sariketa, Agur esateko pintura olerkiarekin. Hamaika obra aurkeztu dira aurtengo lehiaketan, eta Zendoiarena hautatu du Juankar Lopez-Mugartzak, Ines Castiellak eta Josu Jimenez Maiak osatutako epaimahaiak.
Donostiarrarena “ahots helduko” olerki bat dela nabarmendu dute epaimahaikideek, eta bere lana “maitasunez” garatzen duela nabaritzen dela. Sari banaketa apirilean egingo dute, eta 1.500 euro jasoko ditu Zendoiak, lehiaketaren irabazle gisa.
Jose Mari Zendoia ekonomilaria da eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia Aplikatua I saileko irakaslea.
Nafar Ateneoak antolatutako lehiaketa honen lehen edizioa Irati Goikoetxeak irabazi zuen, Euskalerria Irratiko kolaboratzaileak eta Jose Mari Zendoia bezala gizpuzkoarra eta matematika irakaslea ere. Hurrengo edizioa, hirugarrena, urtarrilean jarriko dute abian eta orduan zehaztuko dute mintzagaia.
Jose Mari Zendoiarekin eta Nafar Ateneoko kide den Josu Jimenez Maiarekin mintzatu gara Guardasola saioan.