Edurne Gurbindo Planetarioko kidearekin mintzatu gara itzulera nolakoa izanen den jakiteko: "Hilabete zailen ondoren, badirudi pixkanaka aldaketetara egokitu ahalko garela. Ateak irekiko dituen lehenbiziko planetarioa izanen gara, eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak erabiliz, COVID-19rik gabeko espazioa izateko konpromezua hartu dugu. Hori lortzeko gure bisitari guztien laguntza ezinbestekoa izanen da, arintze fase hau errazagoa eta seguruago izan dadin."
Ekainaren 9tik 13ra gure 1. FASEA izanen da, eta horretan, programatutako bisitaldi gidatuak izanen dira Galaxiaren Lorategira eta erakusketara, bai euskaraz zein gaztelaniaz. Horiek doakoak izanen dira, 20 pertsonako edukiera izanen dute eta ordutegia honakoa izanen da: 11.00, 13:00 eta 18:00etan Galaxiaren Lorategira bisitaldia eta 12.00, 17:00 eta 19:00etan erakusketara. Jarduera hauen bitartez astronomiaz gozatzeko aukera izanen da, esne-bidea lorategirarekin konparatuko dugu eta astro-argazkigintzaren sekretuak partekatuko ditugu. Aste honetan zehar ere Forges-en zientzia-binetak jasoko gurera ailegatuko dira.
Datorren astean 2. FASERA salto eginen dugu, hain juxtu ekainaren 16tik 27ra bitartean. Aipaturiko bisitaldiez gain Tornamira aretoa zabalduko dugu #zeruaplanetariotik ikus dezazun. Zuzeneko emanaldiak ostiraletan eta larunbatetan izanen dira, ordu bateko iraupenarekin eta saio bakoitzeko gehienez 25 pertsona bilduko dira.
3.FASEA ekainaren 30etik uztailaren 25era bitartean izanen da eta planetarioko saioak egunero ikusgai izanen dira eta oraingoan saio bakoitzeko 80 pertsona bildu ahalko dira. Fase honetan bisitaldi gidatuak eskariaren arabera bideratuko dira. Halaber, denboraldi honetan Mars2020 zundaren jaurtiketa espero da eta zuzeneko saioak planeta eta misio honen ingurukoak izanen direlarik.
Azkenik, uztailaren 26tik abuztuaren 29ra bitarte azken fasean sartuko gara. 4. FASE honetan zientzia eta teknologia tailerrak eskainiko ditugu. Oraingoan haurrei zuzenduriko saioak eta PLANETEC saioak gurera itzuliko dira. (Planetec saioetan pelikula, zeruaren zuzeneko emanaldia eta gaurkotasun gaiak uztartzen dira).
Era berean, udako ekitaldirik famatuena izan ohi den pertseiden gaua ospatzea espero dugu, ziur aski aurten forma desberdina izanen duela, baina ilusioz beterik prestatuko duguna. Abuztuaren 12tik 13rako gaurako espero da izar-iheskorre zaparrada ikusteko momenturik onena.
Iruñeko Planetarioa uztaila eta abuztuan irekita egonen da COVID-19 egoeraren bilakaeraren arabera.
Guztia ongi joanen delakoan, irailera begira “Pirineos La Nuit” programa berria estreinatuko dugu POCTEFA Europear proiektuaren baitan sortutakoa. Honen estreinaldia bertan behera gelditu zen pandemia dela medio.