Bazkidetza kanpaina abiatu du Euskalerria Irratiak: #PiztuIrratia

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 25a, 08:00

Irratiarekin batera euskara, komunitatea eta euskaldunon hiri buruzagia “piztera” deitu du Euskalerria Irratiak. Kanpainan, komunitateko ordezkariak izanen ditu bidelagun, bideo laburren bitartez. Lehenak Osasunako kapitain Oier Sanjurjorena eta Katakrak liburu dendako kide Nerea Fillatena izanen dira.  

Bazkidetu zaitez

“Garai korapilatsuak bizi ditugu eta garaiotan komunitatearen komunikabidea izan nahi dugu inoiz baino gehiago, euskaldunok informazioa, iritzia eta sormena trukatzeko gunea”, azaldu dute irratiko ordezkariek.

Koronabirusaren aurkako itxialdiak kolpe latza eman die irratiko iragarle askori, eta ezin ahaztu lehendik ere diru sarreretan murrizketa pairatua duela irratiak, aurten udal publizitate insitituzionala ukatu baitio Iruñeko Udalak. Hain zuzen ere egoera horri aurre egiteko jarri dute abian #PiztuIrratia bazkidetza kanpaina.

Komunitatearen arrazoiak  

“Larre motzean ohituak gara, baina ez dugu atzera egin nahi azken urteotan ibilitako bidean, ez dugu murriztu nahi komunitateari eskaintzen diogun zerbitzua”, azaldu dute. Eta hain zuzen ere komunitatearen esku utzi dute Euskalerria Irratiko bazkide egiteko arrazoiak azaltzea. Egunero aireratuko dituzte komunitateko kideen arrazoiak, irratiaren zein sare sozialen bidez. "Osasunaren partidak euskaraz entzuteko" bazkidetu zaitez, gomendatu du bideo batean irratiko bazkide Oier Sanjurjok. "Silvia Federici Iruñera noiz datorren jakiteko" piztu irratia, azaldu du beste batean irratiko bazkide Nerea Fillatek.

Bideo guztiak hemen dituzu ikusgai.

9 euro hilabetean

Bazkideek urtean 108 euroko ekarpena egiten dute, baina ekarpen hori gauzatzeko lau modu daude: hilean 9 €, hiruhilekoan 27 €, seihilekoan 54 €  edo urtean 108 €. Ekarpena egitea ahalik eta errazena izan dadin, bete harremanetarako fitxa eta gu jarriko gara zurekin kontaktuan datu guztiak biltzeko. Nahiago badudu, zuk zeuk bete dezakezu datuen fitxa

%25eko zerga-kenkaria

Aurrerantzean, bazkide kuotak %25eko zerga-kenkaria izanen du: urtean, 108 euroko kuota ordainduta, errenta aitorpena egiteko tenorean dedukzioa 27 eurokoa izanen da. Izan ere, irratia hobeki kudeatzeko Euskalerria Irratia Fundazioa sortu berri du iratiak eta fundaziotik bideratuko dira bazkideen ekarpenak.

Jada bazkide direnei, kenkariaz gozatu ahal izateko irratiarekin harremanetan jartzeko eskatu dute. “Koronabirusaren krisiak kuota 92 eurotik 108 eurora igotzera behartu gaitu, baina kenkaria aplikatuta igoera konpentsa daiteke”, argitu dute.

Euskaldunontzako plusa

Bazkidetzaren truke zer jasotzen den? Fisikoki, irratiak urtean bazkideei helarazten dizkien bi buletinak, besterik ez. Irratiak liburuak, zartaginak, telebistak oparitzerik ez. Baina, kontu materialez harago, Euskalerria Irratiaren bazkide izateak badakar plus garrantzitsu bat: “Balio erantsia ematen diozu Iruñerrian euskaldun izateari; izan ere, Euskalerria Irratiak Iruñerrian beste inork baino tokiko programazio zabalagoa eskaintzen du, erdal irratiak barne, jakina”.

Marka da gero, Iruñerriko irrati euskaldun eta independentearena. Jakintza alor, adin eta joera ideologiko askotako 200 kolaboratzaile boluntario ditu irratiak, “altxor ordainezina, zentzu literal zein figuratuan, Nafarroako beste ezein irratik ez duena”. Irratiko ordezkarien ustez, horrek erakusten du “iraganeko lizentzia debeku guztien azpitik eta egungo publizitate instituzional ukapen guztien gainetik, zeinen ahaltsu eta eskuzabala den euskaldunon komunitatea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!