Patxi Ruiz presoak hirugarren eguna beteko du gaur gose eta egarri greban, eta beste preso batzuek bat egin dute haren protestarekin

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 13a, 10:34

Patxi Ruiz preso politiko iruindrrak gose eta egarri greban dago, espetxeetako funtzionarioengandik jasotako “mehatxuak” salatzeko. Ruiz Murcia II espetxean dago. Hainbat preso politikok protestak hasi dituzte.

Ruizek berak azaldu duenez, joan den asteburuan, presoek segurtasun neurriak eskatu zituzten koronabirusaren aurrean, eta funtzionario batek bera protestan erabiltzen ari zen kartela emateko eskatu zion. Ondoren, bai funtzionarioak bai kartzelako zuzendaritzako hainbat kidek "mehatxuak" egin zizkioten presoari, eta hark besoan mozketak egin zituen protesta egiteko eta gerta zitekeenaren aurrean arreta deitzeko. Erizaindegira eraman behar izan zuten.

Egoera horretan, Puerto III eta Sevilla II kartzeletan euskal preso politikoek protesta solidarioak egin dituzte Ruizekin. Hala, Puerto III kartzelan dauden Dani Pastorrek, Oskar Barrerasek eta Aitor Cotanok espetxean banatzen duten janari erretilua ez hartzea erabaki dute. Halaber, Txantrean Murcia II espetxeko helbidera faxa bidaltzeko deia egin dute.

Etxerat elkarteak kezka agertu du presoaren egoerarengatik: "Patxi Ruizi gertatutakoak euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legediarekin lotura zuzena du; premiazkoa da errealitate hori gainditu, urrunketarekin amaitu eta euskal preso politiko guztiak hurbiltzearena". Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ere presoak espetxeko medikuaren aldetik jaso duen tratua salatu du. Halaber, ezker abertzaleko bozeramaileek bat egin dute preso iruindarraren egoeraren aurkako protestarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!