Kutsadura maila %54 jaitsi da Iruñean, batez beste, hiriko hiru neurketa estazioen artean, eta nitrogeno dioxidoa %53 jaitsi da Gurutze Plazako trafiko estazioan, kutsatzaile horren maila altuena erregistratzen den tokian, hain zuzen ere. Ekologistak Martxan taldearen txosten bateko datuak dira.
Taldeak azaldu duenez, Espainiako Estatuko hainbat hiritan airearen kalitatearen hobekuntza nolakoa izan den aztertu dute, eta, ondorioztatu dutenez, "airearen kalitatearen hobekuntza orokorra izaten ari da, bai hirietako erdiguneetan, bai hiri inguruetan ere". Era berean, ez dute alde nabarmenik ikusten alarma egoeraren luzapenen artean, horietan intentsitate desberdineko murrizketak aplikatu baitira; hala ere, kutsaduraren beherakada zertxobait handiagoa izan da apirilean (% 60) martxoko bigarren hamabostaldian baino (% 55).
Alarma egoeran erregistratutako nitrogeno dioxido mailak azken hamarkadako martxo eta apiriletan erregistratutako baxuenak dira, aztertutako hiri guztietan. Gainera, legezko muga balioaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) urteko gidaren oso azpitik mantentzen dira, trafiko estazioetan muga hori maiz gainditzen denean, bereziki martxoan.