Txantreako jaiak etxetik

"Barcinak lortu ez zuena, koronabirusak lortu du"

Euskalerria Irratia 2020ko api. 29a, 19:14

Kalera ateratzerik ez den honetan, irudimena eta sare sozialak martxan jarri dituzte bertako auzolagunek. Horrela, Txupinazoa eta hainbat musika saio zuzenean emitituko dituzte Facebook bidez. 

Aurtengo festen pregoia Juana Iturralde Sola duela gutxi erretiroa hartu duen Txantreako Liburuzainak irakurriko du bere etxetik  eta jarraian Txantrea Plazako beste etxe batetik botako dute txupinazoa.

Jai egitaruak biltzen dituen proposamenen artean azpimarra daitezke  ostiralerako leiho-balkoietako bermut musikala, larunbateko kaldereteak eta igandeko paella eta ajoarriero janak, hori bai, nork bere etxean.

Hiru jai egunetan zehar Txantreako Jai batzordearen facebook kontuaren bidez musika eta bideo batzuk eskainiko dira haur eta helduentzat. Horrela Pipripì buru handia eta Ene Kantak taldeko lagunak ikusteko aukera izanen dute txikiek. Helduek, aldiz, jokoak eta bideo tutorialak. Horietako batean Pantxika Lamurrek erakutsiko digu nola egiten den kalderetea eta beste batean azalduko digute Txantreako Ttunttuna nola dantzatzen den.

10 urte betetzen dira orain txantrearrek “Gracias Barcina, nos mola tu piscina” esan zutenetik, 2010ean orduko Iruñeko alkateak kaldereteak egiteko prest zuten lur saila urpean uzteko agindua eman baitzuen. Orain txantrearrek diote, etsipen puntu batez,  hark lortu ez zuena koronabirusak lortu duela.

Hala ere, eta koronabirus guztien gainetik,  ostegun honetan 20.10ean, Txantreako Jaiak hasiko dira, 20.00etako txaloaldia amaitutakoan.

 June Etxeberria Jai Batzordeko kidea eta Julen Aldaz Konpartsako kidearekin mintzatu gara Irrintzi Plaza saioan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!