Iruñeko Udalari haur eskoletako euskarazko eskaintza eskarira egokitzeko eskatuz sinadura bilketa abiatu dute change.org atarian. 5.000 pertsonek baino gehiagok sinatu dute haur eskoletako langile eta familien eskakizuna.
Iruñeko udal gobernuaren azken erabakiak Navarra Sumaren "euskarafobia" agerian uzten du sinatzaileen iritziz: "Askok ikusi nahi ez badute ere, haur hezkuntzako 3 urteko haurren matrikulazio kopurua begiratu besterik ez dago, jakiteko zenbatekoa litzatekeen Iruñeko udal haur eskoletan euskaraz seme-alabak matrikulatuko lituzketen familiena. Datu hori hauxe da: %30etik gorakoa. Eta udalak azken eraso linguistikoaren ondoren, eskaintza %10era jaitsiko du, herena!!".
Euskaraz ikasteko eskubidea "urteetako aldarrikapena" dela gogorarazi dute: "Orain dela hiru urte arte, Txantrean baino ezin genituen gure seme-alabak euskaraz matrikulatu, 12 haur eskoletatik bitan bakarrik, eta biak auzo berean. Euskararen eskaintzaren kontura, aurreko legealdian egindako aurrerapenak, atzera bota ditu Navarra Suma-k, aukerak lehendik gutxi baziren, orain gehiago txikitu ditu".
Aldaketak bertan behera uzteko eta eskaintza eta haur eskolen hizkuntza ereduen inguruko ituna sina dezala eskatzen diote Navarra Sumari sinatzaileek.